Mundua -

AEB-ko hauteskundeak

Munduko buruzagi nagusien erreakzioak, Trumpen garaipenaren aurrean

Etxe Zuriaren hurrengo maizterra izango denak hartuko duen norabide politikoaren zain dago mundua. Trumpen garaipena ofizial egin aurretik, mundu osoko buruzagiek zoriondu dute hautagai errapublikanoa.

Donald Trump, gaur, Floridan. Argazkia: EFE
Donald Trump, gaur, Floridan. Argazkia: EFE
Donald Trump, gaur, Floridan. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donald Trump izango da Ameriketako Estatu Batuetako presidentea. Behin betiko datuen faltan, Alderdi Errepublikanoaren garaipena ziurtzat jo da eta Trumpek jada bere burua irabazletzat jo du.

Familiak eta kanpainako lantaldeak lagunduta, ehunka jarraitzaileren aurrean agertu da hautagai errepublikanoa, West Palm Beacheko (Florida) konbentzio zentroan. "Inoiz gure herrialdeak ikusi gabeko garaipen politikoa da", esan du, kabituezin batean, eta "herrialdea sendatuko" duela hitz eman du.

Etxe Zuriaren hurrengo maizterra izango denak hartuko duen norabide politikoaren zain dago mundua, eta haren garaipena ofizial egin aurretik ari dira iristen erreakzioak, errenkadan. Buruzagi ultraeskuindarrak pozik agertu dira.

Ursula Von der Leyen

Ursula Von der Leyen EBko presidenteak "zorionik beroenak" helarazi dizkio Trumpi, eta elkarlanerako deia egin dio, Europari eta AEBri onurak ekarriko dizkion "Ozeano Atlantikoaz haraindiko agenda" erdigunean jarrita. X sare sozialean zabaldutako mezu batean, buruzagi alemaniarrak esan du "EB eta AEB aliatu hutsak baino gehiago" direla. "Herriek eta herritarrek batzen gaituzte", erantsi du.

"Askatasuna, demokrazia, segurtasuna eta aukera berdintasunean", Von der Leyenen hitzetan, "bat datoz AEB eta EB".

Pedro Sanchez

Zorionak eman ondoren, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere AEBrekin "aldebiko harreman estrategikoak" izateko nahia agertu du.

"AEBrekin ditugun aldebiko harreman estrategikoaren eta Ozeano Atlantikoaz haraindiko lankidetza sendoaren alde lanean" jarraitzeko prest agertu da gobernuburu espainiarra, X sarean.

Emmanuel Macron

Zorion mezua igorri dio hautagai errepublikanoari Emmanuel Macron Frantziako presidenteak ere. "Lankidetzan" sakontzea espero du buruzagi frantziarrak, "bakearen eta aurrerapenaren alde", nor bere "konbikzioetatik".

X sare sozialean idatzitako mezuan dio Trumpen aurreko agintaldian "elkarrekin lan egiten asmatu" zutela AEBk eta Frantziak, eta bide horri eustea nahiko luke. "Errespetuz eta anbizioz", esan du.

Olaf Scholz

Alemaniaren eta AEBren arteko "hartu-eman onari ustea" espero du Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak. Horrek ere, Ozeano Atlantikoaz bestaldeko lankidetza sustatzen jarraitzeko konpromisoa agertu du, Trumpi zorionak helarazi ondotik.

"Oparotasuna" eta "askatasuna" izan dira, Scholzen arabera, bi herrion lankidetzaren oinarriak historian zehar. "Horretan jarraituko dugu, herritarren mesedetan", idatzi du X sarean.

Giorgia Meloni

Italiako lehen ministro Giorgia Meloni pozik agertu da Trumpen garaipenarekin, uste baitu Italiaren eta AEBren arteko "lotura estrategikoa are gehiago" sendotuko dela.

Buruzagi ultraeskuinzaleak bere eta Gobernu osoaren izenean zoriondu du hautagai errepublikanoa. Azaldu du estatubatuarrekin "aliantza hautsiezina" dutela, "adiskidetasun historikoa". "Nago lotura estrategiko hori are gehiago indartuko dugula. Lan ona, presidente", amaitu du.

Volodimir Zelenski

Pozarren, baita ere, Volodimir Zelenski Ukrainako presidentea. Lortutako "garaipen izugarriagatik" zoriondu du Trump, eta elkarrekin "Ukrainan bakea lortzeko" lan egingo duten itxaropena agertu du.

Errusia

Zabaldu den aro berri honetan, Errusiaren eta AEBren arteko harremana "are gehiago okertzea ia ezinezkoa" dela iritzi dio Dimitri Peskov Kremlineko Presidentetzako eledunak. "Hartu-emanak unerik okerrenean daude, eta ia ezinezkoa da gehiago okertzea", esan du.

"Nolanahi ere, Estatu Batuetako hurrengo agintarien esku egongo da hemendik aurrerakoa (...), AEB zuzenean dago sartuta Errusiaren kontrako gerran", Peskoven hitzetan.

Benjamin Netanyahu

Era berean, hautagai errepublikanoaren "garaipen handia" nabarmendu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak. AEBren eta Israelen arteko "aliantza sendoa"  irmotzeko "konpromiso indartsu berri bat" izatea espero du.

Netanyahuren arabera, Trump Etxe Zurira itzultzeak aro berri bati hasiera eman dio AEBn, "hasiera berri bat". "Historiako itzulerarik handiena" dela iritzi dio buruzagi israeldarrak.

Irango Gobernua

Batak edo besteak irabazi, AEBren eta Iranen arteko harremana ez dela aldatuko ziur agertu da Fatemeh Mohajerani Irango Gobernuaren eleduna. "Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen aukeraketak ez du gurekin zerikusirik. AEBren eta Iranen arteko politika orokorrak finkatuta daude", adierazi du.

Hamas

Agiri bat kaleratu du Hamasek Donald Trumpen garaipenaren aurrean, iritzia emateko. Presidentea aukeratzea herritar estatubatuarrei dagokiela esan ondoren, talde islamiarrak esan du presidente berriak Gazako gatazka "berehala amaitzea" espero dutela palestinarrek.

"Trump AEBko 47. presidente aukeratzea estatubatuarrei dagokien gaia da. Palestinarrek espero dute euren herriaren kontrako erasoa berehala gelditzea, bereziki, Gazan", esan du Basem Naim Hamaseko arduradun politikoetako batek.

Txina

Zuhur agertu da Txina, eta ez du Trumpen garaipenaren gaineko balorazio politikorik egin. Mao Ning Txinako Gobernuko Atzerri Ministerioko bozeramaileak esan du "estatubatuarren erabakia errespetatzen" dutela, besterik ez.

Erantsi duenez, Pekinen eta Washingtonen arteko hartu-emanean "orain arteko bideari" eutsiko diote. "Elkarrekiko errespetua, aitortza baketsua eta bi aldeei onurak ekarriko dizkion lankidetza", balio horiek jarriko ditu ardatzean Txinak.

Javier Milei

Javier Milei Argentinako presidente ultraeskuindarrak Trumpen "garaipen bikaina" goratu du, eta Argentina beti lankidetzako prest izango duela esan dio.

Imanol Pradales

Imanol Pradales lehendakariaren ustez, Trump Estatu Batuetako buru izanda, Europar Batasun "indartsuagoa" beharko da, bere balioak sendotuko dituena eta "burujabeagoak izateko apustu estrategikoak" egingo dituena industrian, teknologian, ikerketan eta garapenean, energian, elikaduran, segurtasunean edo nazioarteko harremanetan.

Sare sozialetan argitaratutako artikulu batean azaldu duenez, azken urteetako "munduko ordenaren aldaketak beste jauzi bat" emango du Trumpen bigarren agintaldiarekin, eta iragarri du AEBk "bere burua itxiko" duela, "nazioarteko harremanetan, merkataritzan eta ekonomian eragin nabarmenekin".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Europa Hauteskundeak AEB Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Donald Trump Volodimir Zelenski Hamas Benjamin Netanyahu