Mundua -
Bolivia
Moralesek blokeoak altxatzea eskatu, eta gose greba hasi du "Gobernuak elkarrizketari ekin arte"
Luis Arce Boliviako presidenteak, era berean, "blokeo puntu guztiak" altxatzeko eskaera berretsi du, baina onartuz ez duela elkarrizketarako aukerarik ikusten.
agentziak | eitb media
Evo Morales Boliviako presidente ohiak blokeoak altxatzeko deia egin die bere jarraitzaileei, duela 19 egunetik komunikazio bideak oztopatu baitituzte, Cochabamban bereziki, eta gose greba hasi du Gobernuari elkarrizketa mahaia osatzea eskatzeko.
"Egoera zaildu egin da, eta horrela, zailagoa da guztientzako irtenbide gustagarri bat lortzea", adierazi du Moralesek prentsaurreko batean.
Gose grebari dagokionez, elkarrizketa mahai bi eskatzen dizkio Gobernuari, bat politika arlokoa eta beste bat ekonomikoa, eta bertan nazioarteko bitartekariak eta herrialde lagunak egon beharko liratekeela uste du, "gardentasuna eta eraginkortasuna" bermatzeko.
Moralesentzat beharrezkoa da blokeoak altxatzea "odol putzua" eragozteko, bere jarraitzaileen eta segurtasun indarren borrokaldiak gogortu egin baitira, tartean hiru kuartel militar hartu dituztelako.
Hori horrela, bere aldekoei eskatu die blokeoak altxatzeko "indarkeria saihesteko, ekonomia nazionala babesteko eta boliviarren beharrei erantzuteko", eta "zubiak eraikitzeko eta guztientzako irtenbide baketsua bilatzeko" keinu gisa.
Luis Arce Boliviako presidenteak, bere aldetik, esan du "lehenengo urratsa" egin dutela Cochabamba desblokeatzeko, eta herrialdea guztiz "askatzeko". Dena den, aitortu du ezinezkoa egin zaiola irtenbidea elkarrizketaren bidez lortzea, nahiz eta "horren aldeko apustua" egin duen bere Gobernuak.
Duela bi aste, Moralesen jarraitzaileak blokeoak altxatzen hasi ziren Boliviako zenbait eremutan, baina baita Potosin, Oruron eta Santa Cruzen ere.
Hasiera batean krisi ekonomikoagatik antolatu zituzten protestak, baina Moralesen helburu politikoak indartzeko ere balio izan dute, zeren nahiz eta presidentegai izateko aukerarik ez duen, berak aurkeztu egin nahi duela berretsi du. Gainera, segurtasun indarrekin izan dituzten borrokaldiak gogortu egin dira bere aurkako atentatuaren berria zabaldu ostean.
Bien bitartean, Moralesek zenbait auzi ditu irekita. Irailean antolatu zuen mobilizazio handiko txikizioaren salaketarekin batera, orain Poliziaren aurkako erasoak leporatzen dizkiote, eta ezin aipatu gabe utzi presidente zenean ustez 16 urteko neska batekin ume bat edukitzeagatik zabaldutako auzia.