Mundua -
Ekialde Hurbila
Israelek menia adosteko beste proposamen bat aurkeztu du, "balizko" su-eten iraunkor bat tartean
Bestalde, Hamasek berretsi du ez duela Israelekin "akordio partzialik" onartuko, eta negoziazioetarako baldintza gisa Gazako zerrendan su-etena ezartzea eskatu du berriro.
Agentziak | EITB Media
Israelek Gazako zerrendan menia adosteko beste proposamen bat aurkeztu die Egipto, Qatar eta AEBko bitartekariei, igandean Dohan negoziaziorako beste bilera-sorta bat abiatu aurretik, elkarrizketen gertuko iturriek jakitera eman dutenez.
Osama Hamdan Hamaseko bozeramaile eta kideak berretsi duenez, erresistentzia mugimenduak ez du Israelekin "akordio partzial bat" onartuko, eta negoziazioetarako baldintza gisa Gazako zerrendan su-etena ezartzea eskatu du berriro; izan ere, Israelgo Armadak gutxienez 42.800 palestinar hil ditu, duela urtebetetik etengabe egindako erasoetan.
Israelen proposamen berria oraindik eztabaidatu eta Hamas talde islamistari aurkeztu behar zaio. Egitasmoak hiru fase eta "Israelek Gazako zerrendan mantentzen duen kanpaina militarraren balizko etenaldi iraunkorra" jasotzen ditu.
Hiru fase
Lehen faseak aldi baterako su-etena eta Israelgo Armadak Rafahko bidegurutzetik erretiratzea aurreikusten du, baita Hamasen esku dauden gatibu guztiak askatzea ere, Israelgo Gobernuaren espetxeetan preso palestinar talde bat kartzelatik ateratzearen truke.
Bigarren faseak Netzarim korridoretik (Gazako zerrenda iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du) soldadu israeldarrak ateratzea aurreikusten du, eta Hamaseko borrokalarien gorpuak eta hildako gatibu israeldarren gorpu "gehienak" trukatzea.
Gainera, Palestinako Aginte Nazionalak (PAN) Rafahko pasabidea kontrolatzea eskatu du Israelek, "indar arabiarrek eta nazioartekoek" gainbegiratuta.
Azken fasean, Israelek Armada Filadelfia korridoretik (Gaza eta Egiptoren arteko muga) eta Gazako zerrendaren iparraldetik erretiratzeko konpromisoa hartu du, betiere koalizio arabiar batek eta PANek Palestinako lurraldea kontrolatzen badute.
Azken fase horretan, Israelek Yahya Sinwar Hamaseko buruzagiaren gorpua ere entregatuko luke.
Israelen erasoek ez dute etenik
Bien bitartean, indarkeriak ez du etenik, eta Israelek gutxienez 38 pertsona hil ditu ostegun gauean eta ostiral goizean Khan Younisen, Gazako zerrendaren hegoaldean, etxebizitzen aurka egindako bonbardaketetan, Palestinako Osasun Ministerioak salatu duenez.
Erasorik bortitzena, gutxienez 28 hildako utzi dituena, Manara auzoan izan da, herriaren hegoaldean, Wafa Palestinako albiste-agentzia ofizialaren arabera.
Gainera, Israelgo Armada Beit Lahiako (Gaza iparraldea) Kamal Adwan ospitalean sartu da gaur, eta pazienteak patiora ateratzeko agindua eman du, Wafaren esanetan.
Kamal Adwan Gazako zerrendaren iparraldean oraindik martxan dagoen osasun zentro bakanetako bat da, eta Israelgo Armadaren hiru asteko setioak 700 hildako baino gehiago eta milaka pertsona desplazatu utzi ditu, Gazako agintariek jakitera eman dutenez.