Mundua -

Kazan (Errusia)

Buruzagien bilera informal bat eta aldebiko batzarrak, BRICS taldeko XVI. goi-bileraren hasieran

Goi-bileraren puntu nagusietako bat taldearekin bat egiteko estatuen kategoria berri bat sortzeko mekanismoen eztabaida izango da, baina horrek ez du esan nahi erakundearen bederatzi kideko zerrenda handituko denik.

Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Xi Jinping Txinako agintaria goi-bileran. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Xi Jinping Txinako agintaria goi-bileran. Argazkia: EFE
Vladimir Putin Errusiako presidentea eta Xi Jinping Txinako agintaria goi-bileran. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

BRICS nazioarteko taldearen XVI. goi-bilera gaur hasi da Kazan hirian (Errusia). Buruzagiek bilera informal bat egin dute, eta Vladimir Putin presidenteak, Xi Jinping Txinako agintariak eta Narendra Modi Indiako lehen ministroak aldebiko batzarrak egin dituzte.

Gainera, Kremlineko burua Cyril Ramaphosa eta Abdelfatah al Sisi Hegoafrikako eta Egiptoko presidenteekin eta Dilma Rousseff Brasilgo presidente ohi eta BRICSen Garapenerako Banku Berriaren zuzendariarekin bildu da.

Hala ere, goi-bilerako elkarrizketa formalak asteazkenean abiatuko dira. Egun horretan, Errusiako buruzagia Masoud Pezeshkian Irango presidentearekin eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako agintariarekin batzartuko da.

Ostegunean, goi-bileraren amaieran prentsaurrekoa eman ostean, Putinek aldebiko bilerak egingo ditu Palestina, Laos, Mauritania eta Boliviako ordezkariekin.

Ostegunean bertan, Kremlineko buruak Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiarekin hitz egingo du, eta nazioarteko agendaren arazoak mahai gainean izango dituzte, tartean Ekialde Hurbileko eta Ukrainako gatazkak.

Zentzu horretan, elkarteak Ukrainari buruzko "jarrera bateratua" jasoko duen azken adierazpena onartuko duela ziurtatu du Yuri Ushakov Nazioarteko Gaietarako Kremlineko aholkulariak. "Edukia adostua izan zen. Inork ez du inolako eragozpenik jarri", azaldu dio Ushakovek Errusiako telebistari.

Putin eta Rousseff Kazanen (Errusia). Argazkia: EFE

Taldea ez da handituko, antza

Goi-bileraren puntu nagusietako bat taldearekin bat egiteko estatuen kategoria berri bat sortzeko mekanismoen eztabaida izango da, baina horrek ez du esan nahi erakundearen bederatzi kideko zerrenda handituko denik.

Horrela, Kremlinek baztertu egin du BRICS handitzea Kazango goi-bileran, kideek ikuspuntu desberdinak dituztela argudiatuta. "Handitzearen gaia ez dago mahai gainean. Ikuspuntu ezberdinak daude", esan du Dmitri Peskov presidentearen bozeramaileak.

Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrikak sortu zuten taldea, eta urtarrilaren 1ean Egipto, Iran, Arabiar Emirerri Batuak eta Etiopia batu zitzaizkien.

Saudi Arabiak eta Argentinak ere aurten bat egin behar zuten, baina lehenengoak ez zuen erabakia baieztatu, eta bigarrenak azken unean atzera egin zuen, Javier Milei presidente ultraeskuindarrak hala erabakita. 30 estatu inguruk foroan sartzeko interesa agertu dute publikoki, besteak beste, Kubak, Venezuelak, Turkiak, Azerbaijanek eta Malaysiak.

Kazan (Errusia). Argazkia: EFE

Munduko ordena berria

Xi Jinping Txinako presidenteak Errusiarekin harreman "hautsezina" duela adierazi gaur, Putinekin bildu denean. Xik eskerrak eman dizkio Putini Tartariako hiriburua bisitatzeko gonbidapenagatik, eta aurten bi agintariek egiten duten hirugarren bilera dela nabarmendu du.

"Bide zuzena hartu dugu potentzia handien arteko harremanak eraikitzeko, ez lerrokatzeko, ez borrokatzeko eta hirugarren herrialdeen aurka ez zuzentzeko printzipioen gainean", gaineratu du. BRICS taldea munduko ordena multipolar berri bat bultzatzeko plataforma garrantzitsuenetako bat dela ere azpimarratu du Txinako buruzagiak.

Putinen ahotan, Asiako erraldoiarekiko harreman estrategikoak "eredu" dira herrialde guztientzat, elkarrekiko onuragarriak direlako eta ez dietelako testuinguruari erantzuten. "Munduko gaietan Errusiaren eta Txinaren arteko lankidetza nazioartea egonkortzeko faktoreetako bat da. Lankidetza nazioarteko plataforma guztietan zabaltzen jarraitzeko asmoa dugu, segurtasun globala eta mundu ordena bidezkoa bermatzeko", adierazi du.

Luiz Inacio Lula da Silva Brasilgo presidenteak telefonoz hitz egin du Putinekin, etxean istripu bat izan eta Errusiara goi-bileran parte hartzeko bidaia bertan behera utzi behar izan baitu. Nolanahi ere, Lulak asteazkeneko bilkuran parte hartuko du, bideokonferentzia bidez. Goi-bileran, Mauro Vieira Atzerri ministroa da Brasilgo ordezkaritzaren buru.

"Horrelako elkarteak AEBren totalitarismori aurre egiteko aukera izan daitezkeela uste dut", goraipatu du Masud Pezeshkian Irango presidenteak, Kazanera abiatu aurretik, Teherango Mehrabad aireportuan, IRNA agentziak jakinarazi duenez. Iranek lehen aldiz parte hartuko du foroan, kide iraunkor gisa.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Afrika Nazioartea Txina Errusia Vladímir Putin NBE Eguneko albisteak Albisteak India Brasil Egipto Errusia-Ukraina gerra Ekialde Hurbila