Mundua -

erreferenduma

EBn sartzeko baiezkoak garaipen oso estua lortu du Moldavian

EBrekin bat egitea Konstituzioan helburu gisa ezartzeko nahia nagusitu da, bozen % 50,46 eskuratuta. EBk pozik hartu ditu emaitzak, Errusiak "anomaliak" ikusten dituen bitartean. Ordu batzuk lehenago, Moldaviako presidenteak Errusiaren esku-hartzea eta botoak erosteko saiakera salatu du.

Emakume bat erreferedumean bozkatzen. Argazkia: EFE
Emakume bat erreferedumean bozkatzen.
Emakume bat erreferedumean bozkatzen. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europar Batasunarekin bat egitea Moldaviako Konstituzioan xede nazional gisa aitortzeak ozta-ozta nagusitu da. Hauteskunde Batzordeak zenbaketaren amaieran jakinarazi duenez, baiezkoak Sobietar Errepublika zaharreko herritarren % 50,46ren babesa jaso du, eta ezezkoak, berriz, botoen % 49,54.

Ezezko boza nagusi izan zen hasieratik zenbaketan, eta aurkakoek garaipena eskuetan zutela zirudien, botoen % 85 baino gehiago zenbatuta zortzi puntuko aldearekin.

Hala, moldaviar asko emaitza batekin oheratu ziren eta astelehen goizean beste batekin jaiki dira, eta horrek mesfidantza piztu du.

Hala ere, Europako integrazioaren aldekoek emaitza irauli dute, eta goizaldean bi aldeen arteko berdinketa tekniko bat zen, azken unean lehenengoen alde desorekatu dena. Dirudienez, Moldaviako diasporak balantza baiezko bozaren alde makurtu du (751.235), baina ezezkoak (737.639) estu hartu du.

Batzordeak adierazi du emandako botoen % 99,41ari dagozkion emaitzak direla, atzerriko botoaren zenbaketa egiteke dagoela.

Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak txalotu egin du erreferendumeko emaitza. "Errusiako taktika hibridoen aurrean, Moldaviak erakutsi du independentea dela, indartsua dela eta etorkizun europarra nahi duela!", idatzi du Von der Leyenek X sare sozialean, eta Maia Sandu Moldaviako presidentea zoriondu du.

Aitzitik, Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak bere eguneroko prentsaurrekoan adierazi duenez, "Moldaviako bozketen emaitzetan anomaliak daude, Maia Sandu Moldaviako presidentearen eta Europaren aldeko botoek gora egin dutelako".

Hala, Peskovek emaitzen aldaketan jarri du arreta, zenbaketan Sanduk Alexandr Stoianoglo errusiazalearekiko zuen aldea handitu baitu, eta Moldavia EBn sartzeari buruzko erreferendumean emaitza baiezkoaren alde irauli da.

"Gaur egun ikusten ditugun adierazleek, jarraitzen ari garenak, eta horien aldaketen dinamikak, noski, galdera asko planteatzen dituzte", nabarmendu du.

Maia Sandu Moldaviako jarduneko presidente europazalea. Argazkia: EFE

Ordu batzuk lehenago, Maia Sandu Moldaviako jarduneko presidente europazaleak prentsaurreko labur batean salatu duenez, "talde kriminal bat 300.000 boto erosi nahian ibili dela frogatzen duen informazioa dugu. Aurrekaririk gabeko iruzurra da, eta gure demokrazia jokoan jartzea du helburu. Gizartean izua sortzea dute asmo".

"Gure herrialdeari frogarik gabe leporatu diote Moldavian esku hartzea eta herritarren borondatearen adierazpenean eragiten saiatzea (...) Mendebaldeak hauteskunde-prozesu honetan muturra sartzen zuen bitartean", erantzun dio Maria Zajarova Errusiako Atzerri Ministerioko bozeramaileak.

Zajarovak salatu duenez, "EBko estatu kideetako politikariek propaganda garbia egin dute Chisinaura egindako bisitetan, Moldaviako egungo Gobernuari eta Europako proiektuari babesa adierazteko".

Erreferendumaz gain, presidentea aukeratzeko hauteskundeak izan dituzte eta Sanduk irabazi du, gehiengo osoa lortu ez duen arren. Alexandr Soinanoglo hautagai errusiarzalearen kontrako lehiatu beharko da azaroan, bigarren itzulian.

Hauteskunde egunak agerian utzi du herrialdean dagoen zatiketa. Biztanleriaren zati bat EBn sartzearen aldekoa da: tartean daude errumanieraz mintzatzen direnak, gazteak eta diaspora. Beste zatiak ez ditu Errusiarekin dituen loturak apurtu nahi eta horien artean daude errusieraz ari direnak, "nostalgikoak" eta adineko pertsonak.

Errusiaren itzala eta Moldaviako krisia

Maia Sandu Moldaviako presidenteak Kremlini eta Ilon Shor oligarka errusiarzaleari egotzi dei referendumean iruzurra egitea, espresuki aipatu ez baditu ere. Bozketaren bezperan, Fiskaltzak Shorren kontrako akusazioa aurkeztu zuen, 15 milioi dolarren truke 130.000 boto erosten saiatzea egotzita.

Azken asteotan, "erreferendumarekin lotuta, Moldaviako egoera ezegonkortzeko saiakerak"   egotzi dizkiote EBk berak eta AEBk Moskuri, eta Kremlinen kontra zigor berriak iragar zituzten,

Dena dela, Moldavia ez dago bere onenean. Herrialdea Ukrainaren mugakidea da, eta gerrak eragin handia izan du ekonomian. Izan ere, milioi bat errefuxiatu ukrainarrek zeharkatu zuten muga gerra lehertu zenean, eta gaur-gaurkoz, 120.000 daude oraindik, ACNURren arabera. Horrez gain, pandemiaren ondorioek, aurrena, eta Errusiarekin izandako gatazka energetikoak, gero, inflazioa nabarmen igoarazi dute.

 

 

 

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Europar Batasuna Europa Errusia Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra