Mundua -

Ekialde Hurbila

150 palestinar hil ditu Israelek Gazan asteburu odoltsu honetan

Hezbollahk Beiruten duen Inteligentzia zentroa ere erasotu du Israelek, eta iragarri du datozen orduetan Hezbullahren banku sektoreko zenbait sukurtsali egingo diela eraso.

Gaza. Argazkia: EFE.
Gaza. Argazkia: EFE.
Gaza. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

150 gazatarretik gora hil ditu Israelek asteburu honetan: 84 larunbatean eta 70 igande goizaldean. Gazako zerrendako iparraldean burututako azken eraso horretan, bestalde, 40 pertsona zauritu dituzte.

Hartara, 42.600 pertsona baino gehiago —gehienak emakumeak eta haurrak— hil eta 99.800 zauritu dituzte Gazan iazko urriaren 7an Israelek erasoaldiak areagotu zituenetik.

Beit Lahian soilik 73 lagun hil ditu Israelek gauerdian, etxebizitza gune baten eta biribilgune baten aurka egindako erasoetan, Gazako agintarien arabera.

Goizean, Gazako Osasun Ministerioak 87ra igo du eraso horretako biktimen kopurua, pertsona batzuk hondakinen artean desagertuta baitaude. Gainera, 40 zauritu dituzte, horietako batzuk larri. Azken bi asteetako datuak aintzat hartuta, iparraldean soilik, 500 gazatar hil dituzte.

Israelek, halaber, hainbat ospitaleren kontra ere egin du.

Israelgo Indar Armatuen komandante bat hil da gaur, igandearekin, Jabalian izan den erasoetako batean. Gazako erasoaldietan hildako maila goreneko ofizialetako bat da.

"Amesgaiztoa", NBEren arabera

Ekialde Hurbileko bake prozesurako NBEren koordinatzaileak, Tor Wenneslandek, Gazako zerrendan bizi duten "amesgaiztoaz" ohartarazi du, bi asteotan izan diren erasoak gogoan. "Irudi ikaragarriak utzi dituzte", esan du ohar batean.

"Gaza iparraldean, istilu izugarriak ari dira gertatzen, eta krisi humanitarioa geroz eta larriagoa da", esan du.

LIBANO

Israelek iragarri du Hezbollahren banku sektorea erasotuko duela

Datozen orduetan "Hezbollahren banku sektoreko zenbait sukurtsali" eraso egingo diela iragarri du Israelek. Sistema ekonomikoa ahultzea izango dute helburu eraso horiek.

Armadak ziurtatu du erasoak burutu aurretik ingurua ebakuatzeko aginduak emango dituztela, zibilek leku arriskutsuetatik ihes egin dezaten.

Hezbollahk Beiruten omen duen Inteligentzia zentroari eraso dio Israelek

Bonbardaketek ez dute etenik Gazako zerrendan eta Beirut hegoaldean. Israelgo Armadak Hezbollah alderdi xiitaren ustezko Inteligentzia zentroa bonbardatu du gaur goizean Libanoko hiriburuaren hegoaldean.

Ebakuatzeko agindua eman ostean egin du erasoa, Israelek azken hilabetean ofentsiba areagotu duen eremuan, hain zuzen.

Era berean, Hezbollahko 65 miliziano hil ditu Libano hegoaldean Armadak gertutik gertura egindako erasoetan.

Israelen erasoa Libanon.

IRAN

Iranek ukatu egin du Netanyahuren egoitzari eraso egin izana

Iranek ukatu egin du atzo, larunbata, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren egoitza pribatuari eraso egin izana.

Netanyahuk Irani egotzi zion erasoa, eta gaineratu zuen atzo bera eta bere emaztea "hiltzen saiatu diren Irango agenteek akats larria" egin dutela.

Igande honetan, bestalde, Israelek Irani erasotzeko prestaketak jasotzen dituen dokumentu klasifikatuak argitara atera dira. AEBko Inteligentzia Zerbitzuko dokumentuak dira, eta Israelen gerra planak jasotzen ditu. Ikusteko dago informazio horiek argitaratu izanak ekar ditzakeen ondorioak. 

Israelek Irani erasotzeko prestaketak jasotzen dituen dokumentu klasifikatuak argitara atera dira
Israelek Irani erasotzeko prestaketak jasotzen dituen dokumentu klasifikatuak argitara atera dira
Israelek Irani erasotzeko prestaketak jasotzen dituen dokumentu klasifikatuak argitara atera dira

01:18
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Ekialde Hurbila