Mundua -
Gaza erasopean
Hamasek ofizialki baieztatu du Yahya Sinwar liderraren heriotza
"Yahya Sinwar anaia liderraren, eta harrotasunaren eta martirioaren bidean, haren aurretik izan ziren mugimenduaren buruzagi eta sinbolo guztien martirioak Hamasen eta gure erresistentziaren indarra, sendotasuna eta determinazioa areagotu besterik ez du egingo", adierazi du taldeak.
Agentziak | EITB Media
Hamas erresistentzia islamikoaren taldeak ofizialki baieztatu du Yahya Sinwar liderraren heriotza, eta "heroi martiria" dela esan du. Israelek ostegunean iragarri zuen bezperan soldaduek hil egin zutela Sinwar, Rafahn, Gaza hegoaldean.
"Altxatu egin zen heroi baten eta martiri batek egiten duen moduan, inoiz atzera egin gabe aurrera eginez, bere arma aterata, lehen lerroan borrokatzen okupazioaren armadaren aurka, borrokagune guztietan zehar mugitzen, sendo eta irmo eta harro eutsita Gazari, bere lurrari, Palestinaren lurra defendatzen", dio Hamasek Sinwarren heriotzaren berri emateko zabaldu duen oharrak.
Bide ofizialetatik zabaldu du Hamasek oharra, eta bideo batean mezua kaleratu du, Gazan Hamaseko buru den Khalil al-Hayyak irakurritakoa. Ohartarazi duenez, Sinwarren heriotzak mugimendua "indartu besterik ez du egingo", eta, horren esanetan, "okupazioari laster damutuko zaio gertatutakoa".
Al Jazeerak ere argitaratu du mezu hori, osorik:
Hamasek oharrean nabarmendu duenez, Sinwar "gizon noble eta ausarta izan da, bere bizitza Palestinari eskaini diona", eta "martiri" gisa hil da.
Horren esanetan, gaztetatik inplikatu zen jarduera jihadistetan, 23 urte eman zituen Israelgo espetxe batean, eta, bertan esan dutenaren arabera, berak planifikatu zuen "Al Aqsa Uholdea" operazioa, Hamasek Israelgo hegoaldeko komunitateetan 2023ko urrian egindako erasoaldia, 1.200 hildako eta 250 bahitu eragin zituena.
Hamasen hitzetan, Israelek hildako taldeko buruzagien "zerrenda luzera" batu da Sinwar, hala nola Ahmed Yassin sortzailea, Abdel Aziz al-Rantisi, Ibrahim al-Maqadma, Ismail Abu Shanab, Jamal Mansour, Jamal Salim, Ismail Haniyeh (Teheranen hil zuten, Israeli egotzitako eraso batean), eta haren ondokoa, Saleh al-Arouri (Beiruten hil zuten, urtarrilean).
"Yahya Sinwar anaia liderraren eta, harrotasunaren eta martirioaren bidean, haren aurretik izan ziren mugimenduaren buruzagi eta sinbolo guztien martirioak Hamasen eta gure erresistentziaren indarra, sendotasuna eta determinazioa areagotu besterik ez du egingo", adierazi du taldeak.
1962an jaio zen Sinwar, Khan Yunis errefuxiatu-esparruan, Gazako zerrendako hegoaldean, eta 2017an Hamaseko buruzagi izendatu zuten, ospe handia lortu ostean Israelen etsai sutsua zelako eta informatzaileekin zorrotz jokatzen zuelako. Azaroaren 6tik, taldeko lider nagusia zen. 19 urtez aritu da taldean.
1989an, biziarteko lau kartzela-zigor ezarri zizkioten Israelen, bi soldadu israeldar eta lau palestinar "kolaborazionista" bahitu eta hiltzea planifikatzeagatik, baina 2011n askatu zuten; Gilad Shalit soldadu israeldarra itzultzearen truke askatu zituzten 1.047 preso palestinarretako bat izan zen.