Mundua -
DOKUMENTAZIOA
Honelakoak dira Italiak pertsona migratzaileentzako Albanian eraiki dituen atxikitze zentroak
Italiako eta Albaniako gobernuek sinatutako akordioa dela eta, Mediterraneo itsasoan erreskatatzen dituzten pertsona migratzaileak Schengjin eta Gjader udalerrietan eraikitako atxikitze zentroetara eramango dituzte.
EITB Media
Italia Albaniara eramaten hasi da Mediterraneo itsasoan erreskatatutako pertsona migratzaileak eta asilo eskatzaileak, bi herrialdeek sinatuko akordio polemikoan adostutakoa betez. Zehazki, Balkanetako herrialde horretan eraikitako bi atxikitze zentrotara eramango dituzte.
Lehenik eta behin, Italiako agintariek itsasoan erreskatatutako pertsonak identifikatu egingo dituzte eta, ondoren, osasun azterketa egin. Albaniara eraman aurretik, ordea, baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko dute, gizonak, ez zaurgarriak eta herrialde seguruetatik joandakoak izan behar baitute, Italiako Barne Ministerioak zabaldutako informazioaren arabera.
Albania ipar mendebaldeko Schengjin eta Gjader udalerrietan Italiak eraikitako atxikitze zentroak martxan daude urriaren 7ko asteaz geroztik. Espetxe itxura dute, bi herrialdeen arteko akordioaren arabera, migratzaileek ezin baitute bertatik atera eta Albanian libre mugitu.
5 metroko altuerako hormez inguratuta daude eta Poliziak zainduta egongo dira. Guztira, 900 pertsona inguruko edukiera duten barrakoiak dira eta migratzaileak ezingo dira itxituratik kanpora atera beren espedienteak ebatzi arte.
Albaniako telebistak zabaldutako Gjaderreko atxikitze zentroko irudietan ikus daitekeenez, oheak ez ezik, analisiak egiteko laborategia, erradiografiak eta ekografiak egiteko areto bat, eta arreta psikologikoa eta psikiatrikoa emateko gela bat ere badago.
Italiako oposizioak egindako kalkuluen arabera, gutxienez 800 milioi euroko kostua izango dute atxikitze zentroek.
Aurreikusitakoa gertatu da, eta Italiaren ekimenak oposizioaren eta gobernuz kanpoko erakundeen kritika gogorrak jaso ditu. Hala ere, Europar Batasuneko zenbait gobernu alde agertu dira.