Mundua -

EKIALDE HURBILA

Israelek AEBren "iritziak entzun" bai, baina haren interesen arabera jokatuko du Iranen

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak asteon jakinarazi du Irango azpiegitura militarrak izango dituela helburu, eta ez instalazio nuklearrak eta petrolio findegiak.

Netanyahu, atzo, soldadu israeldarrekin. Argazkia: EFE
Netanyahu, atzo, soldadu israeldarrekin.
Netanyahu, atzo, soldadu israeldarrekin. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Israelek AEBren "iritziak entzun" bai, baina haren "interes eta segurtasun nazionalaren" araberako neurriak hartuko ditu Iranen erabiliko duen estrategia erabakitzerakoan.   Alegia, urriaren 1eko erasoengatik Irani emango dion erantzunaren azken hitza berak duela argi utzi du Israelek, The Times of Israel hedabidera igorritako agiri batean.

Estatu Batuek esana dute instalazio nuklearrek ez luketela jomuga izan behar. Horren harira, joan den astean Joe Biden AEBko presidenteari, telefono bidezko elkarrizketa batean, Netanyahuk argitu zion Irango azpiegitura militarrak izango dituela helburu, eta ez instalazio nuklearrak eta petrolio findegiak.

Bi agintarion gobernuek aitortu dute Irango petrolio findegien kontrako erasoek berekin ekarriko luketela energiaren prezioaren berehalako garestitzea, kontsumitzaile estatubatuarren kaltetan. Programa nuklear irandarraren kontrako eraso batek, berriz, Israel eta Iranen arteko gerra zuzena piztuko luke, eta AEB behartuta legoke esku hartzera.

Bonbardaketak Gazan, Sirian eta Libanon

Bien bitartean, Israelen bonbardaketek ez dute etenik Gazan. Azken 24 orduotan 60 palestinar hil dituzte, Gaza iparraldean egindako erasoetan. Israelgo Armadak dio Hamasen egitura baten kontrako erasoak izan direla. 2023ko urriaren 7an Hamasek egindako atentatuaren aurkako erantzuna hasi zuenetik, Israelgo Armadak 42.200 pertsona baino gehiago hil ditu Gazako zerrendan.

Era berean, Siriako Giza Eskubideen Behatokiak jakinarazi du Siriako Quneitra probintziaren kontra bonbak jaurti dituela azken orduotan Israelek, Golango Gainetako okupatutako lurretatik gertu.

Libanon ere erasoak gogortzen ari da Armada israeldarra. Atzo Tripoli hegoaldean egindako bonbardaketa batean, gutxienez, 21 pertsona hil zituzten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Joe Biden Ekialde Hurbila Benjamin Netanyahu