Mundua -
Ekialde Hurbila
Israelek zuzenean eraso dio NBEren Libanoko base bati eta Indonesiako bi soldadu zauritu ditu
Nazio Batuen bake misioen buruak argitu du Israelek kuarteletatik joateko agindu ziola UNIFILi, baina esan du misioak ez duela israeldarren agindurik jasotzen, Segurtasun Kontseiluarenak baizik. Misioan parte hartzen ari diren Europako estatuek "gerra krimenez" hitz egin dute.
Agentziak | EITB Media
Israelgo Armadak tiro egin du zuzenean, tanke batetik, NBEren misioaren kuartel nagusiko behaketa-dorre baten kontra, Libano hegoaldean, eta Indonesiako bi kide zauritu ditu. Asiako estatuak ditu bertan langile eta soldadu gehien.
1978tik "bakea mantentzeko lanean" ari den Nazio Batuen Libanoko Behin-behineko Indarrak (UNIFIL, ingelesez) azaldu duenez, nazioarteko militarrek Israelgo tanke batetik jaurtitako jaurtigai baten kolpe "zuzena" jaso dute. Misioko kideak kuarteletan daude sartuta Israelen eta Hezbollahren arteko borrokak gogortu zirenetik.
"Zorionez, ez dute zauri larririk, baina ospitalean jarraitzen dute", jakinarazi du NBEren misioak ohar baten bidez. UNIFILen esanetan, "bakearen soldaduen aurka nahita egindako eraso oro Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren urraketa larria da".
Israelek argudiatu duenez, Hezbollahk UNIFILen basetik gertu jarduten du, eta Israelgo Armadak "inguru horretan dauden Nazio Batuen indarrei babesteko" agindu zien. NBEk esan du nazioarteko misioak ez dituela Israelen agindurik jasotzen.
UNIFILen parte hartzen ari diren Europako estatuek bilera telematikoa egingo dute datorren astean, Israelen erasoei buruz aritzeko. Sebastien Lecornu Frantziako Defentsa ministroak eta Guido Crosetto Italiakoak telefonoz hitz egin dute horren inguruan.
Italiako Gobernuak (ekarpenik handiena egiten duen Europako herrialdea da, 868 parte-hartzailerekin) "onartezintzat" jo ditu Israelen erasoak, eta protesta formala egin du Estatu sionistaren eta NBEren aurrean.
Crosettoren iritziz, "Israelgo indarrek 131. basean behin eta berriz egindako erasoak gerra krimenak izan litezke". "Libanoko alde horretako egoerak kezkatzen gaitu, ez gaurtik, baina atzo gertatu zena guztiz onartezina da", esan du.
Italiako ministroaren hitzetan, "hau ez da akats bat izan, ezta istripu bat ere", eta "azalpen formalak eta errealak" eskatu dizkio Israeli, "ahalik eta lasterren" emateko.
Misioaren iraupenari dagokionez Crosettok azaldu duenez, "hori ez da nazio mailako erabakia, nazioartekoa baizik", NBErena. "Nire asmoa, Gobernuarena, bake-gune bat gailentzea da, eta ez onartzea eskualde hori gerran egon daitekeela etengabe. Beste leku batzuetan ikusi dugu zein zaila den iltzatuta dagoen gerra bat gelditzea. Ahal den arte mantendu behar dugu bakearen bandera", gaineratu du.
Espainiako Gobernuak (Europako bigarren ekarpenik handiena) ere erasoak gaitzetsi ditu.
"Bakea mantentzeko operazioen aurkako erasoak Nazioarteko Zuzenbide Humanitarioaren eta Segurtasun Kontseiluaren 1.701 Ebazpenaren urraketa oso larriak dira", azpimarratu du Exekutiboak, eta "UNIFILen tropak errespetatzeko" eskatu die "aldeei", Israeli eta Hezbollahri, "horien segurtasuna bermatu behar baita".
Sumarrek Israelen aurkako "alde bakarreko enbargo adierazpen bat" eskatu dio PSOErekin osatzen duen Espainiako Gobernuari. Podemosek, bere aldetik, enbargoa babestu du eta Gobernuak Israelekin dituen harreman diplomatikoak hausteko eskatu du.
Misioak Libanon jarraituko du
Farthan Hag NBEko idazkari nagusiaren bozeramaileondokoak New Yorkeko egoitzatik esan duenez, misioak "bere tokian jarraitzen du", Libano hegoaldean "egonkortasuna bermatzeko bete beharreko agindua" duelako.
Nazio Batuen ordezkariaren hitzetan, Israelek hainbat "eskaera" egin dizkio UNIFILi bere basetik joateko, baina misioak "bete beharreko agindu bat du, eta, gure agenteen segurtasuna ebaluatzen dugun bitartean, garrantzitsua da agindu hori betetzea".
Segurtasun Kontseiluak Libanoko egoerari buruz egindako bileraren ostean, Jean Pierre Lacroix bake misioetako buruak adierazi du irailaren 23an Israelek UNIFILi eskatu ziola mugaren iparraldetik 5 kilometrora dauden erradiotik joateko, baina misioak ez zuela egin nahi izan, "Segurtasun Kontseiluak ezarritako aginduarekin bat etorriz".
Misioari eutsi arren, Lacroixek onartu du Israelek erasotako eremuetan jarduera eten dutela eta presentzia % 25 murriztu dutela.