Mundua -
Txina
Europako Batzordeak muga-zergak aplikatzen jarraituko du Txinatik inportatutako ibilgailu elektrikoei
Europar Batasuneko herrialdeen bozketan, gehiengo kualifikatua behar zen neurria atzera botatzeko, eta ez da horrelakorik gertatu.
Agentziak | EITB Media
Orain arte bezala, aurrerantzean ere Txinatik inportatutako ibilgailu elektrikoei muga-zergak aplikatzen jarraituko du Europako Batzordeak. Gehiengo kualifikatua behar zen neurria atzera botatzeko, eta ez da horrela gertatu, Europako iturrien arabera.
Uztailetik Txinako auto-ekoizleak gehiago ordaintzen ari dira beraien ibilgailu elektrikoak Europar Batasunean saltzeagatik. Orain arte behin-behineko neurria izan dena, ordea, behin betikoa izango da hemendik aurrera. Hala ere, Europako Batzordeak Txinarekin negoziatzen jarraitu nahi du, estatu kideen artean jarrera kontrajarriak eragiten dituen neurria lehengoratzeko.
Gaur 27 herrialdek egin duten bozketan, 10 alde agertu dira, 5 aurka eta 12 abstenitu egin dira.
Zatiketa agerikoa da 27 herrialdeen artean. Alemania, esaterako, muga-zergak ezartzearen aurkakoa da, besteak beste, Europar Batasunaren eta Txinaren arteko balizko gerra komertzialaren beldur delako. Frantziak, berriz, ontzat ematen du muga-zergak ezartzea. Hori dela eta, Frantziak alde bozkatu du, eta Alemaniak, berriz, aurka.
Alemaniak bere jarrera gogortu du, uztailaren erdialdean egindako bozketan abstenitu egin baitzen.
Europako Batzordeak muga-zerga ezberdinak aplikatzen ditu ekoizlearen eta kolaboratzeko erakutsi duten borondatearen arabera. SAICek, esaterako, % 36,3 gehiago ordaintzen du, Geelyk % 19,3, eta BYDk % 17. Txinan autogintzako enpresek laguntza publikoak jasotzen dituztelako hartu du erabakia Europako Batzordeak, uste baitu abantaila "desleiala" dutela eta horrek "kalte ekonomikoa" egiten diela Europar Batasuneko ekoizleei.
Txinako enpresei ez ezik, Europako Batzordeak % 21eko muga-zergak aplikatzen dizkie herrialde horretan ekoizten duten mendebaldeko ekoizleei (Telsa, Dacia eta BMW) ere.
Muga-zerga horiei erantzunez, Txinak ikerketa bat abiatu du Europar Batasunetik inportatutako txerrikia eta esnekia aztertzeko. Ildo horretan, Europako Batzordeak inpugnazioa aurkeztu du Munduko Merkataritza Erakundearen aurrean.