Mundua -
EKIALDE HURBILA
Hassan Nasrallah Hezbollahko buruzagia hil du Israelek Beiruten egindako bonbardaketan
Israelek Beirut hegoaldea bonbardatu, eraikin bat eraitsi eta gutxienez sei pertsona hil ditu. Irango presidenteak esan du "gerra krimena" direla bonbardaketak.
eitb media
Hezbollahk baieztatu du Hassan Nasrallah liderra hil dela. Bart Beirut hegoaldean, talde armatu xiitaren eremuan, Israelek egindako bonbardaketa gogorretan hil dute.
Hezbollahk ohar bat igorri du, hitz gutxitan, datu biografiko batzuk eta doluminak adieraziz, Beiruteko erasoak eta heriotzaren nondik norakoez xehetasunik eman gabe.
"Hassan Nasrallah, Hezbollahko idazkari nagusia, martiri handi eta hilezkorrei batu zaie", iragarri du alderdiak.
Israelgo Defentsa Indarrek (FDI) aurretik esana zuten buruzagia hil dutela, eta mundua Hezbollahren berrespenaren zain zegoen, eta azkenean, iritsi da.
"Hassan Nasrallahk jada ezingo du mundua izutu", idatzi du FDIk X sare sozialean.
Nasrallahren heriotzaren albisteak berehalako erreakzioak piztu ditu Ekialde Hurbileko buruzagien artean.
Ali Khamenei Irango buruzagi gorenak larunbat honetan, Israelek Hezbollahko idazkari nagusiaren heriotza iragarri eta gutxira zabaldutako ohar batean, adierazi duenez, "sionista zakur amorratua" (Israel) "txikiegia" da Hezbollah alderdi xiita libanoarrari kalte esanguratsuak eragiteko.
Hamasek doluminak igorri ditu Hassan Nasrallah Hezbollah taldeko buruzagiaren heriotzagatik, eta atzo Israelek Libanon egindako "eraso basatia" eta azken astean bizitegi-eraikinen aurka egindako erasoak gaitzetsi ditu.
"Gure doluminak eta elkartasuna helarazi nahi dizkiegu Libanoko herri anaiari eta Hezbollahren eta Erresistentzia Islamikoaren anaiei", esan du Hamasek bere oharrean.
Aurrekaririk gabeko erasoa