Mundua -

NBE-ren batzar nagusia

Netanyahu: "Iranen ez dago lekurik Israelek erasotu ezin duenik, eta horrek Ekialde Hurbil osorako balio du"

Israelgo lehen ministroak onartu du ez zuela batzarrera joateko asmorik, baina joatea erabaki du, "podium honetatik nire herrialdeari zuzendutako gezur eta irain guztiak entzun ostean gauzak argi uzteko".

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, NBEren Batzar Nagusian. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, NBEren Batzar Nagusian. Argazkia: EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa, NBEren Batzar Nagusian. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

"Mezu bat daukat Teherango tiranoentzat: eraso egiten badigute, eraso egingo diegu. Iranen ez dago lekurik Israelen beso luzeak harrapatu ezin duenik, eta horrek Ekialde Hurbil osorako balio du", mehatxatu du Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak NBEren Batzar Nagusian.

Netanyahuk gaineratu duenez, "Iranekin gerra irabazten ari da", izan ere, "Hezbollah milizia xiitak zuzentzen ditu Israelgo iparraldearen aurka egindako erasoak".

Netanyahuren hitzetan, Israel ez da konformatzen "hiltzera doan aharia" izatearekin. "Israelgo soldaduek kemen eta ahalegin heroikoarekin itzuli dute kolpea", esan du. "Eta beste mezu bat daukat batzarrerako eta mundurako: irabazten ari gara", erantsi du.

Israelgo lehen ministroak NBEren Batzar Nagusiaren aurrean adierazi du ez duela Gazaren aurkako erasoei amaiera emateko asmorik: "Ez dugu atsedenik hartuko bahituak etxera ekarri arte".

Aitortu du ez zuela batzarrera joateko asmorik, baina joatea erabaki du, "podium honetatik nire herrialdearen aurka zuzendutako gezur eta irain guztiak entzun ostean gauzak argi uzteko".

Netanyahuk gatibu israeldarren senide talde bat ekarri du, gonbidatuen tribunatik txalo zaparrada luze batekin hartu dute, eta beste askotan txalotu dute.

Ordezkaritza askok NBEko Batzar Nagusia utzi dute Netanyahuk bere hitzaldia hasi duenean
Ordezkaritza askok NBEko Batzar Nagusia utzi dute Netanyahuk bere hitzaldia hasi duenean
Ordezkaritza askok NBEko Batzar Nagusia utzi dute Netanyahuk bere hitzaldia hasi duenean

0:41

"Zer erabaki hartuko duzue? Israelen alde egongo zarete? Demokraziaren eta bakearen ondoan izango zarete? Edo Iranen alde egingo duzue? Bere herria menderatzen duen diktadura bortitza, terrorismoa mundu osora esportatzen duena, ongiaren eta gaizkiaren arteko borroka honetan?", galdetu du.

"Israelen defendatzeko eskubidea"

Netanyahuk "Israelen defendatzeko eskubidea" kritikatu dutenei esan die "zazpi frontetatik" eraso dietela "aurten dozena bat aldiz baino gehiagotan"; besteak beste, Libano hegoaldetik, Yemendik edota Irakeko eta Siriako milizia xiiten kokaguneetatik.

"Gure aurkako genozidioa egin nahi duten etsaien aurrean defendatzen garen bitartean, Israel Nazioarteko Zigor Auzitegian zentzurik gabe nola akusatzen duten ikusten dugu (...) ni atxilotzeko agindua emateko asmoz (...), ni buruzagi demokratiko hautatua izanik", esan du haserre.

Saudi Arabia ez da aretoan izan

Netanyahuren esanetan, Ekialde Hurbilean bakea lortzeko beharrezkoa da Abrahamen akordioek ezarritako bidetik jarraitzea. Akordio horien bidez, Israelek estatu arabiarrekin dituen harremanak normalizatu nahi dira, besteak beste Saudi Arabiarekin dituenak. Hain zuzen ere, Saudi Arabiako ordezkaririk ez da izan aretoan, Israelgo agintariaren hitzaldian.

Riadekin sinatutako akordioak, "bi herrialdeen segurtasuna eta ekonomia bultzatzeaz gain", eskualde osoarena ere bultzatuko du, Netanyahuren hitzetan. "Ekialde Hurbila munduko potentzia bihurtuko du (...) Ziur nago bake hori mugarri bat izango dela historian, adiskidetze historiko baten erakusgarri", gaineratu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea NBE Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Iran Israel Palestina Ekialde Hurbila Libano Benjamin Netanyahu