Mundua -
Ekialde Hurbila
Israelek beste 60 pertsona hil ditu Libanon, eta 700 dira jada astelehenetik hil dituenak
Gainera, Israelen bonbardaketek 81 zauritu utzi dituzte gaur. Eraso horiek 90.000 pertsona baino gehiago etxea uztera behartu dute. Milaka libanoar eta siriar ihesi doaz Libanotik Siriara. Israelek muga horretako hainbat pasabide bonbardatu ditu gaur.
Agentziak | EITB Media
Israelek 115 aire-eraso egin ditu gaur, eta gutxienez 60 pertsona hil ditu Libanoko hegoaldean eta ekialdean, baina Beirut hegoaldeko Dahye auzo pobreak ere bonbardatu ditu.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, lehengo lepotik burua. Frantziak eta AEBk egindako su eten eskaerei entzungor, Israelgo Armadari Libano "indar guztiekin" erasotzen jarraitzeko galdegin dio.
Israelgo erasoen kanpainak 700 hildako inguru utzi ditu astelehenetik, Libanoko gerra zibilaz geroztik (1975-1990) aurrekaririk ez duten biktimen kopurua. Hori aldez aurretik komunikazio dispositiboak zartaraziz eragindako biktimak kontuan hartu gabe, Israelek bere gain hartu ez duen eraso masiboa.
Nasser Yassin Libanoko Ingurumen ministro eta Larrialdietarako Plan Nazionalaren koordinatzaileak jakitera eman duenez, "gaur 115 eraso inguru izan dira Libanoko hainbat gunetan, eta 60 hildako eta 81 zauritu eragin dituzte".
Israelgo Armadak ziurtatu du Hezbollahko aireko unitateko komandantea hil duela, Muhamad Hosein Sarur, Beirut hegoaldeko auzoen aurkako aireko eraso batean. Libanoko hiriburuaren aurkako erasoa laugarrena da zazpi egun baino gutxiagoan, eta seigarrena iazko urritik.
Exodoa eta ihesa
Bonbardaketa horien ondorioz, milaka pertsona desplazatu behar izan dira, eta gutxienez 77.100k azken egunotan Gobernuak prestatutako harrera-zentroetan hartu dute ostatu.
Migraziorako Nazioarteko Erakundearen (OIM) txosten batek bezperan jakinarazi zuenez, 90.000 pertsonak baino gehiagok alde egin behar izan dute etxetik Libanon, azken egunotan Israelek hainbat gunetan hasitako eraso oldearen ondorioz.
Nazio Batuen Errefuxiatuentzako Agentziak (ACNUR) ohartarazi duenez, milaka libanoar eta siriar Libanotik Siriara ihes egiten ari dira, eta, beraz, ehunka ibilgailu daude ondoko herrialdearen muga zeharkatzeko zain.
Yassinen esanetan, azken egunotan agintariek "Siriako 15.600 herritarren eta Libanoko beste 16.130en joan-etorria" erregistratu dute, eta "milaka pertsona airez joan dira" beste herrialde batzuetara hegaldietan, beraz, "desplazatuen benetako kopurua askoz handiagoa izango da".
Israelgo Armadak Libano eta Siria arteko mugaren hainbat pasabide bonbardatu ditu ostegun honetan, Siriatik Hezbollahri "armak ematea" saihesteko aitzakiapean.
Bestalde, Libanoko talde xiitak ostegun honetan aldarrikatu du kohete eta drone andana jaurti dituela Israelgo iparraldeko kolonoguneen eta helburu militarren aurka.