Mundua -
NBE-ren Batzar Orokorra
Abbasek nazioarteri eskatu dio utz diezaiola Israeli armak saltzeari: "Mundu osoarena da ardura"
Txalo artean, inoiz gutxi gertatzen den gisan sartu da Palestinako presidentea aretora. Bere hitzartzea probestu du AEB kritikatzeko "munduko demokraziarik handiena omen dena", Gazan su-etena eskatzen zuten Segurtasun Kontseiluaren hiru ebazpenei betoa jartzeagatik.
Agentziak | EITB
Mahmud Abbas Palestinako presidenteak ostegun honetan adierazi duenez, "mundu osoa da Gazan eta Zisjordanian gertatzen denaren erantzulea", eta Israeli armak saltzeari uztea eskatu du.
"Gelditu genozidioa. Utzi Israeli armak saltzeari. Erokeria honek ezin du jarraitu", esan du Abbasek NBEren Batzar Nagusian, Gazako gerra hasi zenetik ia urtebete bete denean.
Txalo artean, inoiz gutxi gertatzen den gisan sartu da Palestinako presidentea aretora. Bere hitzartzea probestu du AEB kritikatzeko "munduko demokraziarik handiena omen dena", Gazan su-etena eskatzen zuten Segurtasun Kontseiluaren hiru ebazpenei betoa jartzeagatik.
"AEB bakarrik geratu zen, eta esan zuen: 'Ez, jarrai dezala borrokak'. Betoa erabili ez ezik, milaka zibil hil zituzten arma hilgarriak eman zizkion Israeli", esan du, Washingtongo Gobernuari, Israelen aliatu nagusiari, egindako kritika zorrotz bezain ezohikoan.
Abbasek iragarri duenez, gainera, Israel Nazio Batuetatik kanporatzeko esku hartu dezala eskatuko dio NBEren Batzar Nagusiari, argudiatuz Israelek 1949tik daramala Nazio Batuen beraren ebazpenak urratzen.
Bestalde, Abbasek hamabi puntuko plan bat aurkeztu du Gazako gerraosterako: "palestinarrentzako nazioarteko babesa" eskatzea, hauteskundeak laster egitea (datarik ez du eman) eta Palestinako Agintaritza Zisjordaniako eta Gazako bi lurraldeetara zabaltzea (Hamasek gobernatzen du bigarren horretan).
NBEk babestutako nazioarteko konferentzia bat ere eskatu du, Israelgo eta Palestinako bi estatuen irtenbidea ezartzeko, eta Gazako lurraldera egingo duen hurrengo bisitaren berri eman du. Horretarako, nazioarteari eta NBEri berari eskatu dio "Gobernu okupatzaileari presioa egiteko, ekimen hori ez dadin eragotzia izan".
Hitzaldiaren amaieran, ikusleen artean zeuden bi palestinar "Free Free Palestine" (Palestina askatu) eta "From the river to the sea" (Ibaitik itsasoraino) oihukatzen hasi dira.
5.000 milioi dolar gehiago Israelentzat
AEBk 5.000 milioi dolar gehiago emango dizkio Israeli laguntza militarrean, Israelgo Defentsa Ministerioak ostegun honetan iragarri duenez. Zehazki, laguntza berriak Burdinazko Kupularen eta Daviden Hondaren (David 's Sling) sistemak indartzea ahalbidetuko du, Israelek irismen labur eta luzeko misilak atzeman eta "laser bidezko defentsa-sistema" berri bat martxan jar dezan, Defentsa Ministerioaren ohar baten arabera.
2019an 10 urterako sinatutako akordioaren arabera, AEBk urtero 3.000 dolar ematen dizkio Israeli. Horiei gehituko zaizkie orain beste 5.000 milioi dolar hauek.
Beste eraso bat eskolei
Gutxienez 15 pertsona, haurrak barne, hil dituzte ostegun honetan Israelek eskola baten aurka egindako enegarren erasoan. Oraingoan, erasoa Yabaliako errefuxiatuen kanpalekuan izan da, Gazako Zerrendaren iparraldean, Faluyako eskolari ere eraso egin eta gutxira.
Armadak ziurtatu duenez, Gazan kokatutako "komando-zentro" batetik operatzen zuten miliziano talde baten aurka egin du erasoa, eta, Gazan azpiegitura zibila erasotzen duen guztietan bezala, Hamas talde islamistari leporatu dio horrelako egiturak ezkutaleku gisa erabiltzea.