Mundua -

Ekialde Hurbila

Nasrala (Hezbollah): "Operazio honetan muga eta marra gorri guztiak gainditu ditu etsaiak"

Libanoko miliziaren buruzagiak onartu duenez, jasandako kolpea "garrantzitsua eta aurrekaririk gabekoa" da, baina azpimarratu du Israelek "errepresio gogorrak eta bidezko zigorrak" jasoko dituela eta, gaineratu duenez, "Hezbollah ez da geldituko Gazako gerra amaitu arte".

Hassan Nasrala, ostegun honetan, Libanoko telebistetan. EFE.
Hassan Nasrala, ostegun honetan, Libanoko telebistetan. EFE.
Hassan Nasrala, ostegun honetan, Libanoko telebistetan. EFE.

Agentziak | EITB

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasan Nasrala Hezbollah Libanoko alderdi xiitaren buruzagiak "aurrekaririk gabeko sarraskia" eragitea leporatu dio Israeli, azken egunotan ehunka komunikazio dispositibo zartarazi baititu, eta gutxienez 37 pertsona hil eta ia 3.000 zauritu. Erasoen ostean, Libano "indartsuago" egiten ari dela ziurtatu du, eta "okerrenerako prestatzen" ari dela.

Hezbollahko agintari gorenak hitzaldia eman du ostegun honetan, eta Israeli leporatu dio erasoak egin izana, nahiz eta Israelgo agintariek ez duten horri buruzko adierazpenik egin, eta "arau guztiak haustea" eta "marra gorri guztiak gainditzea" leporatu dio.

Nasralak azpimarratu duenez, ez ziren Hezbollahko kideak komunikazio gailuak (bai bilatzaileak eta bai walkie-talkieak) zeramatzaten guztiak, "gizarteko hainbat geruzatan oso hedatuta dauden" gailuak dira (horien erabilera oso ohikoa da oraindik telefonia edo Internet modu egongorrean eskuragarri ez dagoen tokietan, Libanon, besteak beste). Horregatik, ospitaleetan, merkatuetan edo bide publikoan zeuden zibilak ere harrapatu zituzten leherketek.

"Bi egunetan, eta bakoitzean minutu bakar baten buruan, Israel 5000 pertsona baino gehiago hiltzen saiatu da", salatu du Nasralak, eta azaldu duenez, Hezbollahk ikerketak abiatu ditu, erantzukizunak ebazteko eta gailuak leherrarazi zituen lehergaiak fabrikatzeko, garraiatzeko, prozesatzeko edo banatzeko enpresak zeintzuk izan ziren jakiteko.

"Bai, kolpe gogorra eta latza jaso dugu", onartu du Hezbollahko buruzagiak, baina, dioenez, Libanoko herritarrak "ez dira eroriko (...) indartsuago egingo dira eta okerrenerako prestatuko dira". Israelgo Armadak Libanoren aurkako erasoak egin eta agintari militarrek ondoko herrialdearen aurkako eraso-plana onartu dutenean iritsi dira hitzok. 

Libanoko alderdi-miliziaren buruzagiak onartu du jasandako kolpea "garrantzitsua eta aurrekaririk gabekoa" dela, baina azpimarratu du Israelek "errepresio eta zigor bidezkoak" jasoko dituela, izan erasoak espero dituzten posizioetan, izan Israelgo agintariek Hezbollahren balizko erasorik susmatzen ez duten beste puntu batzuetan. "Zigorra iritsiko da. Noiz, non, nola? Unea iristen denean jakingo duzu", baieztatu du, Israeli zuzenduz.

Era berean, ziurtatu du Hezbollah ez dela geldituko "Gazako gerra amaitu arte". "Ia hamabi hilabete daramatzagu hau esaten. Sarraskiak, zaurituak eta sakrifizioak gorabehera, irmo diot: Oztopoak eta sakrifizioak direnak direla ere, Libanoko erresistentziak ez dio Gaza, Zisjordania eta Palestinari babesa emateari utziko", azpimarratu buruzagiak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Atentatuak Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina Ekialde Hurbila Libano