Mundua -
KRISIA VENEZUELAN
Jose Maria Basoa eta Andres Martinez euskal herritarrek Venezuelan atxilotuta jarraitzen dute
Zehazki, "ekintza terroristak" egin nahi izatea eta Espainiako zerbitzu sekretuekin "lotura" izatea leporatzen diete. Espainiako Gobernuak eta Defentsa Ministerioak, ordea, ukatu egin dute CNIko kideak direla. Familiek ere turismoa egiten ari zirela esan dute.
EITB MEDIA
Jose Maria Basoa Valdovinos eta Andres Martinez Adasme bilbotarrek —35 eta 32 urte, hurrenez hurren— atxilotuta jarraitzen dute Venezuelan, "ekintza terroristak" egin nahi izatea eta Espainiako zerbitzu sekretuekin "lotura" izatea leporatuta.
Hala ere, Espainiako Gobernuak eta Defentsa Ministerioak ukatu egin dute Espainiako zerbitzu sekretuekin (CNI) lotura dutela. Bi familiek, ildo beretik, irmoki ukatu dute CNIrekin inolako zerikusirik izatea eta Venezuelara turismoa egitera joan zirela gaineratu dute.
Venezuelako tokiko komunikabideek zabaldutako informazioaren arabera, Venezuelan atxilotutako bi gazte bilbotarrak eremu militar batean baimenik gabe egoteagatik atxilotu zituzten, eta galdeketan izan zuten "jarrera urduriak" Poliziaren susmoak piztu zituen. Debekatutako gune batean omen zeuden atxilotu zituztenean, gidarik gabe. Eremu horretan, kontrabandoa, droga-trafikoa eta legez kanpoko meategiak daudela nabarmendu dute komunikabideek, eta ez dela ohikoa atzerritarrak Venezuelako gidarik gabe ibiltzea han.
"Terrorismoa"
Venezuelako Gobernuak iragan larunbatean jakinarazi zuenez, bi euskal herritarrez gain, hiru estatubatuar eta Txekiako gizon bat atxilotu zituzten, "terrorismoa" leporatuta. Venezuela desegonkortzeko "ekintza terroristak" egitea helburu zuen operazio batean parte hartzea leporatzen diete. Ekintza horien artean Nicolas Maduro presidentea hiltzea legoke, Diosdado Cabello Venezuelako Barne ministroaren hitzetan.
Diosdado Cabello Barne ministroak Venezuelako hedabide publikoen aurrean emandako prentsaurrekoan esan zuenez, "AEBtik eramandako 400 arma baino gehiago ere atzeman" dituzte operazioan.
Atxilotuetako batzuek Venezuelara "mertzenario talde bat" eraman nahi zutela gaineratu zuen, Nicolas Maduro presidentea eta chavismoaren beste buruzagi batzuk hiltzeko asmoz.
Bi euskal herritarrak Puerto Ayacuchon atxilotu zituzten, Cabelloren arabera. Operazioaren atzean AEBko Inteligentzia Agentzia Zentrala (CIA) eta Espainiako CNI daudela ere esan zuen, eta oposizioko buruzagiek bazutela "ezegonkortze operazio" horren berri.
Cabelloren esanetan, atxilotuak "zaintzapean daude, galdekatzen ari gara, eta, beste herrialde batzuetan betetzen ez dutena betez, gainera, giza eskubideak errespetatuz".
Senideek sare sozialen bitartez eman zuten abisua irailaren 9an. Desagertuak azken aldiz irailaren 2an Iniridan (Kolonbia) ikusi zituztela, eta Venezuelako Puerto Ayacuchora zihoazela zabaldu zuten. Gidarik gabe bidaiatzen ari omen ziren, eta egun horretan izan zuten azken hartu-emana haiekin, telefonoz.
Bi euskal herritarrak abuztuaren 17an abiatu ziren Madrildik Caracasera. Venezuelako hiriburuan ibilgailu bat alokatu zuten Amazonas ingurura joateko, Kolonbia eta Venezuela arteko mugara, hain zuzen ere. Berez, irailaren 5ean bueltatu behar zuten autoa, baina ez zuten egin. Abuztuaren 31n, txalupa batean atera ziren Puerto Ayacuchotik Kolonbiara, eta igande honetan hartu behar zuten Madrilera itzultzeko hegazkina.