Mundua -

KRISIA VENEZUELAN

Espainiar nazionalitatea duten bi gizon atxilotu dituzte Venezuelan, Nicolas Maduro hil nahi izatea egotzita

Atxilotuak bi euskal herritar lirateke. Venezuelako Barne ministroak esan du "loturak" dituztela Espainiako zerbitzu sekretuekin (CNI), baina Espainiako Gobernuak ukatu egin du hori. Atxilotuekin harremanetan jarri ahal izatea eskatu du Espainiak, nortasuna egiaztatzeko eta akusazioak ezagutzeko.

Diosdado Cabelloren prentsaurrekoa. Argazkia:@VNVenezuelanews
Diosdado Cabelloren prentsaurrekoa. Argazkia:@VNVenezuelanews
Diosdado Cabelloren prentsaurrekoa. Argazkia:@VNVenezuelanews

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Venezuelako Gobernuak jakitera eman duenez, espainiar nazionalitatea duten bi pertsona atxilotu dituzte (Jose Maria Basoa Valdovinos eta Andres Martinez Adasme euskal herritarrak lirateke), hiru estatubatuar eta Txekiako gizon batekin batera, "terrorismoa" leporatuta. Venezuela desegonkortzeko helburuz "ekintza terroristak" egitea helburu zuen operazio batean parte hartzea leporatzen diete. Ekintza horien artean Nicolas Maduro presidentea hiltzea legoke, Diosdado Cabello Venezuelako Barne ministroaren arabera.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak EITBri baieztatu dio bi euskal herritar horien desagerpena salatu zutela senideek irailaren 9an, eta Ertzaintzak berak egiaztatu zuen biak atxilotuta daudela Venezuelan.

Espainiako zerbitzu sekretuekin (CNI) lotura izatea ere leporatzen diete, baina Espainiako Gobernuak gezurtatu egin du hori.

Diosdado Cabello Barne ministroak Venezuelako hedabide publikoen aurrean eman duen prentsaurrekoan esan duenez, "AEBetik eramandako 400 arma baino gehiago ere atzeman" dituzte operazioan.

Atxilotuetako batzuek Venezuelara "mertzenario talde bat" eraman nahi zutela gaineratu du, Nicolas Maduro presidentea eta chavismoaren beste buruzagi batzuk hiltzeko asmoz.

Cabelloren hitzetan, bi euskal herritarrak Puerto Ayacuchon atxilotu dituzte. Atxilotuak "zaintzapean daude, galdekatzen ari gara, eta beste herrialde batzuetan betetzen ez dutena betez, gainera, giza eskubideak errespetatuz", esan du Cabellok.

Operazioaren atzean AEBko Inteligentzia Agentzia Zentrala (CIA) eta Espainiako CNI daudela ere esan du, eta oposizioko buruzagiek bazutela "ezegonkortze operazio" horren berri.

Venezuelan atxilotutakoekin harremanetan jarri ahal izatea eskatu du Espainiak, nortasuna egiaztatzeko eta akusazioak jakiteko

Espainiako Gobernuko iturriek gezurtatu egin dute atxilotuak CNIkoak direla, baina ezin izan dute atxiloketa horien inguruko xehetasun gehiagorik eman.

Espainiak Venezuelan duen enbaxadak, baina, jakitera eman du Venezuelako Gobernuari eskatu diola terrorismoaz akusatutako bi atxilotuekin harremana eduki ahal izatea, haien nortasunak eta nazionalitatea egiaztatzeko eta, herritar espainiarrak izanez gero, zehazki zer leporatzen dieten jakiteko eta beharrezko laguntza guztia eman ahal izateko.

Atzerri Ministerioko iturriek EFE agentziari azaldu diote Enbaxadak ahozko ohar bat bidali diola Venezuelako Gobernuari eskaera horrekin, eta gaineratu dute "une oro" zainduko dituztela "Venezuelan atxilotutako edozein espainiarren babesa eta eskubideak".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Eguneko albisteak Albisteak Venezuela Latinoamerika Nicolás Maduro