Mundua -
UKRAINAKO GERRA
Ukrainak eta Errusiak 103 preso trukatu dituzte Kursken erasoak eta kontraerasoak egiten dituzten bitartean
Bestalde, emakume bat hil da gaur Errusiako Belgorod eskualdean, Ukrainak artilleriarekin egindako eraso baten ondorioz.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
2022ko otsailean Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik egin duten hirugarren preso trukea egin dute larunbat honetan. Alde bakoitzak 103 soldadu berreskuratu ditu Arabiar Emirerri Batuen bitartekaritzari esker.
Asteburuan askatu dituzten soldadu errusiarren artean, Ukrainak Kursken atxilo hartu zituen soldadu errusiarrak daude. Abuztuaren amaieran bi aldeek 230 preso trukatu zituzten, eta orduko hartan ere, Kursken hartutako soldadu errusiarrak sartu ziren tratuan.
Zelenskik bere poza agertu du Telegramen duen kanalean, eta Ukrainak 82 soldadu eta ofizialorde eta 21 ofizial berreskuratu dituela zehaztu du. Tartean dira inbasioaren hasieran, Donetsk eskualdean, Mariupol hiriko Azovstal altzairutegia defendatzen aritu ziren 31 soldadu.
Gerra-partea
Bestalde, tropa ukrainarrek Errusiako Kursk eskualdeko zonalde batzuetan presioa egiten jarraitzen dute, baita aurrera egiten ere, Errusiak berriki hasitako kontraerasoa gorabehera.
Errusiako Armadak kontraerasoa egin du aste honetan Kursken, Ukrainako tropak geldiarazteko asmoz. Ukrainarrak abuztuaren 6an sartu ziren Errusian, handik Kharkiv eta Sumy ipar-ekialdeko eskualdeen aurka egiten ari ziren erasoak geldiarazteko helburuz eta Errusia Donetskeko ekialdeko frontean egiten ari den presioa moteltzeko helburuz. 1.300 kilometro koadro hartu zituzten soldadu ukrainarrek.
Errusiak esan du 10 herri berreskuratu dituztela, baina Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak, Pentagonoak eta Gerra Ikertzeko Institutu estatubatuarrak uste dute Errusiak ez duela "lorpen garrantzitsurik" lortu kontraerasoan.
Gauzak horrela, Errusiak Kursken dituen soldaduen kopurua 60.000 edo 70.000ra igotzeko asmoa du.
Emakume bat hil da Belgoroden, Ukrainako eraso baten ondorioz
Gainera, emakume bat hil da gaur Errusiako Belgorod eskualdean, Ukrainak artilleriarekin egindako eraso baten ondorioz, Viatxeslav Gladkov gobernadorek salatu duenez. "Beste biktima zibil bat dugu", idatzi du Telegramen.
Beste lau pertsona zauritu dituzte Belgoroden, Gladkoven hitzetan.
Belgorodeko agintariek uztailean emandako datuen arabera, eskualde horretako 200 biztanle baino gehiago hil dira ukrainarren erasoen ondorioz 2022ko otsailean gerra hasi zenetik.