Mundua -
Venezuela
Europako Parlamentuak datorren astean bozkatuko du Gonzalez hauteskundeetako irabazletzat hartzen duen
Talde politikoetako liderrek Venezuelako hauteskundeei buruz eztabaidatzea eta gaiari buruzko lehenengo ebazpena onartzea, EAJko Oihane Agirregoitia europarlamentariak bultzatuta. EBren Kontseiluak ez du oposizioko hautagaiaren garaipena onartzen, ezta Madurorena ere.
Mikel Dominguez | EITB Media
Europako Parlamentuak Venezuelako hauteskundeei buruz eztabaidatuko du asteartean, irailak 17, Josep Borrell EBko Atzerri Politikarako goi ordezkariarekin batera, presidenteen konferentziak adostu duenez. Ebazpenari buruzko bozketa irailaren 19an, osteguna, egingo da.
Oihane Agirregoitia EAJko europarlamentariak Renew Europeren izenean proposatutako ebazpenaren bitartez, Edmundo Gonzalez oposizioko hautagaia Venezuelako presidentetzarako hauteskundeetako irabazle gisa onartu nahi dute, eta Latinoamerikako herrialdearen egoera politikoa salatu, Diputatuen Kongresuak Espainiako Estatuan emandako urratsaren ostean.
Europako Parlamentuaren lehen erabaki politikoa izango da uztailaren 28ko hauteskundeen ondoren. Europar Batasunak, Atzerri ministroen Kontseiluak hartutako erabakiaren arabera, ez du Nicolas Maduroren garaipena onartzen ezta Gonzalezena ere, eta Venezuelako hauteskunde batzordeak aktak argitaratzeko zain dago.
Liberalek aurkeztutako ebazpen-proiektuak dei egiten die Venezuelako hauteskunde-agintariei mahai guztietako akta guztiak azkar argitaratzera eta prozesuan erabilitako ekipo guztiak babestu eta gordetzera.
Halaber, "arbitrarioki atxilotutako pertsona guztiak askatzea, errepresioa eta gizarte zibilaren eta oposizioaren aurkako erasoak etetea, giza eskubideen urraketekin amaitzea eta Venezuelan geratu diren oposizioko liderrak babestea" eskatzen du, EAJren ohar baten arabera.