Mundua -
Ukrainako gerra
Zelenskik gerra gelditzeko plana aurkeztuko dio irailean AEBri
Gainera, iragarri du Ukrainak ekoizpen propioko lehen misil balistikoa arrakastaz probatu duela, eta NATOri berriro eskatu dio Mendebaldeko armak Errusian ere erabiltzeko baimena eman diezaion.
Agentziak | EITB Media
Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak gerra gelditzeko bere plana aurkeztuko dio Joe Biden AEBko presidenteari, irailean. Kamala Harris eta Donald Trump hautagaiei ere helaraziko die.
Ukrainako presidenteak azaldu duenez, Errusiako Kursk eskualdean egindako operazioa bere planaren parte bat da. "Gure aldetik, ez dago okupaziorik gaur egun", esan du. "Gure lurraldea defendatu behar dugu, eta bitarteko guztiak erabiltzen ditugu Errusiako Federazioaren lurraldetik gure lurraldea okupatu ez dezaten", adierazi du komunikabideen aurrean.
Proposamen ekonomikoak ere baditu, bai eta Ukrainak nazioarteko segurtasun-arkitekturan izan behar duen zereginari buruzkoak eta Errusiak gerra gelditzeko eman beharreko urratsei buruzkoak ere.
Zelenskik ez du planaren inguruko xehetasunik eman, baina azpimarratu du ukrainarrak ez daudela "prest" Ukrainako lurraldeak lagatzeko segurtasun bermeen truke. Hala ere, onartu du erabakia Kieven aliatuen jarreraren araberakoa izango dela.
Bestalde, herrialdeak ekoizpen propioko lehen misil balistikoa arrakastaz probatu duela iragarri du. Zelenskik Ukrainako industria militarra zoriondu du, eta berriro eskatu die Mendebaldeko aliatuei baimena eman diezaioten Ukrainak NATOren armamentuarekin Errusiako lurraldearen barruan helburuak erasotzeko.