Mundua -
Errusia-Ukraina gerra
Errusiak berriro eraso dio Ukrainari eta gutxienez bost lagun hil ditu
Ukrainako hainbat eskualderen kontra, Kiev hiriburua barne, droneak eta misilak jaurti ditu Moskuk bigarren egunez, Ukrainak egindako erasoei erantzunez.
Agentziak | EITB Media
Bigarren egunez jarraian, Errusiak Ukrainako hainbat eskualde airez eraso zituen bart, eta gutxienez bost pertsona hil ditu, Krivi Rig hirian (erdialdea) eta Zapiorizhian (hego-ekialdea), Ukrainako agintariek baieztatu dutenez.
Tokiko hedabideen arabera, Kiev hiriburuan ere leherketak izan dira, baita erdigunean ere.
Ukrainako Aire Indarrak zehaztu duenez (unean uneko erasoen berri ematen du), Errusiak Shahed motako drone kamikaze irandarrak eta mota askotariko misilak jaurti ditu.
Atzo, 127 misil eta 109 drone bota zituen Errusiak Ukrainako 15 eskualderen kontra. Kieven arabera, gehienak geldiarazi zituzten, baina batzuek bete-betean harrapatu zituzten herrialdearen argindar eta gas azpiegiturak. Hala, agintariek argindar etenak egin behar izan zituzten.
Gainera, gutxienez lau zibil hil ziren erasoen ondorioz.