Mundua -
Frantzia
Macronek uko egin dio lehen ministro ezkertiarra izendatzeari, eta beste kontsulta sorta bati ekingo dio
Macromismoak iragarri du Fronte Popular Berriaren koalizioa baztertzen jarraitzen duela, nahiz eta Frantzia Intsumisoko ministrorik ez izan. Ezkerrak, bere aldetik, Lucie Castetsen hautagaitza babesten du.
agentziak | eitb media
Frantziako hurrengo lehen ministroa aukeratzeko elkarrizketak Emmanuel Macron Frantziako presidentearen ezezkoarekin amaitu dira, Fronte Popular Berriko hautagaitzak ezekoa jaso baitu. Makronistek aukera baztertu dute, nahiz eta Frantzia Intsumisoko ministrorik ez izan bertan; diputatu gehien lortu zituen indarra izan arren, uste du ez litzatekeela beste talde batzuen zentsura-mozioetatik onik aterako.
Gauzak horrela, Macronek kontsulta sorta berri bati ekingo dio alderdiekin.
Frantziako ezkerrak, bere aldetik, Lucie Castetsen hautagaitza berretsi du, hauteskuneetako emaitzak errespetatze aldera. Halaber, Fronte Popular Berriak (NFP) iragarri du ez dela Eliseora itzuliko Macron presidentearekin elkarrizketa gehiago izateko, "elkarbizitzeko moduak" eztabaidatzeko ez bada. Horrek, ordea, hurrengo lehen ministroa estatuburuaren alderdikoa ez izatea ekarriko luke.
Macronismoak, aldiz, Fronte Popular Berriaren koalizioari uko egingo diola adierazi du, nahiz eta Frantzia Intsumisoko (LFI) ministrorik ez izan koalizioan, Jean-Luc Mélenchonek eskaini duen bezala; izan ere, hura zen marra gorria orain arte.
Gabriel Attal jarduneko lehen ministroaren aburuz, Frantzia Intsumisoko buruzagirik ez duen gobernu-proposamen batek Mélenchonen "indar-kolpe" bat ezkutatzen duen "irekiera-simulakro" bat besterik ez da. Eta, gaineratu du, Fronte Popular Berria behin Gobernuan egonda, Frantzia Intsumisoaren "erreplika" den hauteskunde-programa aplikatuko lukeela, zeinak "Frantzia belauniko jarriko lukeen".
Era berean, ezkerreko eta eskuineko alderdi "errepublikanoen" arteko aliantza bilatzeko deia egin du Attalek, ultraeskuina kanpoan utziko lukeena, baina baita Frantzia Intsumisoa ere.
Gaur gaurkoz, ez dago argi noiz izendatuko den lehen ministro berria. Macronek ez du epe zehatzik ezarri, baina alderdi guztiek aste honetan aldaketak egotea aurreikusten dute.