Mundua -
Iruñea
Borrellek aitortu du Europak "konpromiso handiagoa" hartu beharko lukeela Gazan
Gainera, nazioarteko zuzenbidearen urraketak izan direla baieztatu du. Bestalde, EBren Kanpo Gaietarako ordezkaria Ukrainari laguntza ematen jarraitzearen alde agertu da, Iruñean egindako ekitaldi batean.
agentziak | eitb media
Josep Borrell Europar Batasuneko Kanpo Gaietarako eta Segurtasun Politikarako goi ordezkariak esan du Gazan "gertatzen ari dena nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa" dela, eta Europak "konpromiso handiagoa hartu beharko lukeela".
"Gazan gertatzen ari dena justifikatu egin daiteke Israelek eraso terrorista bati erantzuteko duen defentsarako eskubide gisa? Nire erantzuna ezezkoa da. Baina erantzun hori nirea da soilik, ez da Europar Batasunaren politika ofiziala", azpimarratu du Iruñean, Diario de Navarrak eta Equipo Europak ematen duen Nafarroa Europaren Atea Nazioarteko saria jaso duenean.
Josep Borrellek azaldu duenez, "ezin dugu esan Gazan hildako 40.000 pertsonak defentsarako eskubideari dagozkiola, eskubide guztiek baitituzte mugak, eta muga horiek nazioarteko zuzenbide humanitarioan daude, eta gertatzen ari dena nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa da".
Horregatik, Borrellek uste du Europak "konpromiso handiagoa" hartu beharko lukeela, "ez laguntza humanitarioan bakarrik", zeren "ez du askorako balio afaltzen emateak bihar hilko banaute". "Indartu egin behar da laguntza humanitarioa, eta txalotu egin behar da UNRWAren lana. Nora iritsi gara Nazio Batuen Erakundeko erakunde bat terroristatzat jotzen duenean NBEko estatu kide batek?", bota du EBko agintariak.
Borrellek "irtenbide politikoa bilatzen jarraitzea" aldarrikatu du, baina aitortuz Europar Batasuneko estatuak "banatuta" daudela. Hala, Espainia eta beste herrialde batzuk "Palestinaren aldamenean, oraindik existitzen ez den estatua aitortzen eta nazioarteko zuzenbidea errespeta dadin eskatzen" aritu diren bitartean, beste batzuk Israelekin "barkaberak" izan direla azpimarratu du.
Ukrainako egoeraz, Europar Batasunaren arduradunak azaldu du Donbassen egon zela Errusiaren inbasioa hasi baino bi aste lehenago, eta "Ukrainako lehen ministroak sekula ahaztuko ez dudan zerbait esan zidan: 'Eraso egin behar digute, eta erasotzen digutenean, zer egingo duzue? Badakigu ez zaretela gure alde hiltzera etorriko, eta ez dizuegu hori eskatzen, baina lagunduko diguzue gure burua defendatzen? Emango dizkiguzue defendatzeko behar ditugun armak?. Ez nuen jakin zer erantzun, ez bainuen ziurtasunik Europak egingo zuenaren inguruan".
Borrellek azpimarratu du gerrak aurrera jarraitzen duela, eta "laguntzen diegun bitartean defendatu" egingo dutela haien burua. Ukrainak laguntzarik jasoko ez balu gerra amaitu egingo litzatekeela diotenei erantzunez, esan du "laguntzarik ezean, Ukrainak errendizioa" eman beharko lukeela "bi asteren buruan", eta "Errusia Kieven egongo litzateke bi astean".
"Gerra guztiak negoziazioarekin amaitzen dira, eta ahal dena egiten da negoziazioa gertatzeko", azaldu du Borrellek, "AEBko hauteskundeak izan arte" negoziaziorik ezin dela egon aitortu aurretik. Gainera, Ukrainari laguntzen jarraitzearen alde egin du.
Borrellen arabera, Ukrainako gerraren jatorrian "potentzia inperialista baten inbasioa dago", eta Gazaren kasuan "bi herrik lur bat eskuratzeko borrokan ari dira duela ehun urtetik, eta europarrok ardura handia dugu, lur hori hitzeman baikenien bi aldeei".