Mundua -
Ukraina-Errusia gerra
Errusiak Ukrainako 15 eskualde eraso ditu, tartean Kiev hiriburua
100 misil eta 100 drone baino gehiago erabili dituztela eta erasoen helburua herrialdeko energia azpiegiturak izan direla ziurtatu du Zelensky presidenteak. Hildako eta zaurituen artean, ordea, zibilak ere badaude.
Agentziak | EITB Media
Errusiak eraso masiboa egin du droneekin eta misilekin Ukrainako 15 eskualderen aurka, tartean baita Kiev hiriburuaren aurka ere. Volodymyr Zelensky presidenteak Telegrameko bere kontuan adierazi duenez, Errusiako Armadak 100 misil baino gehiago eta 100 drone inguru erabili ditu herrialdeko energia azpiegiturak eraisteko.
Denis Shmigal lehen ministroak erasoak hildakoak eta zaurituak eragin dituela ere jakinarazi du eta Volin (ipar-mendebaldea), Dnipropetrovsk (erdialdea), Zaporiyia (hego-ekialdea) eta Zhitomir (erdi-mendebaldea) eskualdeetako agintariek bost pertsona hil direla baieztatu dute.
Shmigalek azaldu duenez, Errusiako indarrek droneak, gurutzaldi-misilak eta Kinzhal misil hipersonikoak erabili dituzte erasoan. Azken horiek dira atzematen zailenak, eta Ukraina zaurgarria da haien aurrean bere lurraldearen zatirik handienean.
Kiev hiriburuan hainbat leherketa entzun dira goizeko 08:30etik aurrera (07:30ak Euskal Herrian), eta agintariek bunker, soto edo metro-geltokietan babeslekuak bilatzeko eskatu diete hirian eta eskualdean bizi diren guztiei.
Lehen ministroaren hitzetan, "Errusiako terroristen helburua energia azpiegitura izan da". "Zoritxarrez, kalteak daude hainbat eskualdetan", esan du eta herrialdean elektrizitate mozketak izan direla jakinarazi du. Agintariek Leopolis (mendebaldea) eta Dnipropetrovskeko azpiegitura elektrikoetan izandako kalteen berri eman dute. Erasoak argi eta ur mozketak ere eragin ditu Kieveko zenbait gunetan, Vitali Klichko alkatearen arabera.
Herman Galushchenko Energia ministroak "zailtzat" jo du sistema elektrikoaren egoera erasoaren ondoren, eta sektoreko enpresek larrialdiko etenak iragarri dituzte, sistemak jasandako kalteen ondorioz.
Errusiaren baieztapena
Errusiako Defentsa Ministerioak baieztatu egin du Ukrainako "energia azpiegituraren" aurkako erasoa. "Errusiako Federazioko Indar Armatuek eraso masiboa egin dute airetik eta itsasotik, doitasun handiko eta irismen luzeko armamentua eta tripulaziorik gabeko aireko ibilgailuak erabilita, Ukrainako estruktura militar-industrialaren funtzionamendua bermatzen duten energia-azpiegiturako instalazio kritikoen aurka", adierazi du agiri batean.
Emandako informazioaren arabera, gasa ponpatzen duten estazioei eraso diete Leopolis, Ivano-Frankivsk eta Kharkov eskualdeetan, "Ukrainako gasa garraiatzeko sistemaren funtzionamendua bermatzen baitzuten; baita Kiev eta Dniepropetrovsk eskualdeetako aerodromoetako biltegiei ere. Jakinarazi dutenez, Moskuk ezarritako "helburu guztiak" lortu dituzte.
Astelehen honetakoa Errusiak Ukrainako sistema elektrikoaren aurka martxoaren 22tik egin duen bederatzigarren eraso masiboa da. Erasootan, elektrizitatea sortzeko gaitasunaren zati handi bat galdu du Ukrainak, eta erlojuaren kontra ari da lanean kaltetutako azpiegiturak eta ekipamendua konpontzeko eta ordezkatzeko, tenperatura baxuak iritsi baino lehen.
Aliatuei deia
Erasoen ondoren egindako agerraldian, Zelenskik mendebaldeko herrialde aliatuei eskatu die irismen luzeko armekin, Errusia barruan erasoak egiten uzteko. Gaurkoa bezalako erasoak sahiesteko beharrezkoa dutela uste du.
Ildo berean hitz egin dute bere gobernuko kideek ere. Atzerriko ministro Dmitro Kulebak, gainera, mugan dauden aliatuei euren defentsa-baliabideak erabiltzen hasteko eskatu die, mugetatik gertu dauden eremuetara iristen diren droneak eta misil errusiarrak eraisteko.
Hain zuzen ere, Poloniako armadako hegazkinak, aliatuen laguntzarekin, mugako eremua zaintzen ari dira, Leonpolisetik gertu, Poloniako "aire-espazioa seguru mantentzeko" helburuarekin.