Mundua -
Palestina
Hamaseko eta Israelgo ordezkaritzek akordiorik gabe utzi dute Kairo
Israeldarrak eta palestinarrak ados jartzetik urrun daude, Egiptok eta Qatarrek ahaleginak egin arren Israelek genozidioa gelditu dezan eta milizia palestinarrak bahituak askatu ditzan.
Agentziak | EITB Media
Hamas Erresistentzia Islamikoaren Mugimenduko ordezkariek zein Israelgo ordezkaritzak Gazako Zerrendan su-etena adosteko akordiorik gabe alde egin dute Kairotik, igande gauean.
Izzat Al Rishq talde palestinarreko bozeramaile batek azaldu duenez, Egipto eta Qatarreko bitartekariekin bildu dira eta joan den astean Qatarren Israelgo taldearekin izandako kontaktuen berri entzun dute, Al Yazira telebista panarabiarrak jaso duenez.
Jasotako informazioaren aurrean, uztailaren 2an adostutakora mugatzeko eskatu diote Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroari, AEBren proposamena eta NBEko Segurtasun Kontseiluaren ondorengo ebazpena oinarri hartuta lortutako akordioari, alegia.
Hala, Hamas prest agertu da orduan hitzartutakoa onartzeko, "gure herriaren interes gorenaren alde", baldin eta akordioak baldintza hauek betetzen baditu: "su-eten iraunkorra, Israel Gazako Zerrendatik erabat erretiratzea, gazatarrak euren herrietara itzultzea, laguntza eta berreraikuntza, eta elkartrukerako akordio serio bat".
Israelgo telebista publikoak jakitera eman duenez, dagoeneko buruzagi israeldarrak ere itzuli dira Kairotik. Dirudienez, oztopo nagusietako bat Israelek Filadelfia Korridorean, Egiptoren eta Gazako Zerrendaren arteko mugan, presentzia militarra mantentzean dago.
Nolanahi ere, NBC telebista estatubatuarrak iturri diplomatiko israeldarrak aipatuta ziurtatu du aurrerapausoak eman direla Filadelfia Korridorearen gaian. Israelek eremu horretan duen presentzia murriztea onartuko omen luke, "baina ez gaude behartuta fase honetan alde egitera", defendatzen du.