Mundua -

Demokraten Biltzarra

AEBko presidenteorde demokrata izateko hautagaitza onartu du Tim Walzek: "Nire bizitzako ohorea da"

Minnesotako gobernadoreak esan duenez, Trump Etxe Zurira itzultzen bada "klase ertainarentzako kostuak handitu egingo dira, osasun arretaren legea indargabetuko du, Gizarte Segurantza zartatuko du, eta abortua herrialde osoan debekatuko du".

Tim Walz, Demokraten Konbentzioan eskaini duen hitzaldian. Argazkia: EFE
Tim Walz, Demokraten Konbentzioan eskaini duen hitzaldian
Tim Waltzek formalki onartu du AEBko presidenteorde izateko demokraten izendapena

0:39

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Tim Walz Minnesotako gobernadoreak AEBko presidenteordegai izateko proposamena onartu du, bart, Alderdi Demokrata Chicagon egiten ari den batzarrean. "Nire bizitzako ohorea da AEBko presidenteorde izateko izendapena onartzea", azpimarratu du.

"Eskerrik asko, lehenik eta behin, (Kamala) Harris presidenteordeari. Eskerrik asko nigan jarritako konfiantzagatik eta kanpaina sinestezin honetan parte hartzera gonbidatzeagatik. Eta eskerrik asko Joe Biden presidenteari, lau urteko lidergo sendo eta historikoagatik", gaineratu du.

Walzek ohartarazi duenez Alderdi Errepublikanoa Etxe Zurira itzultzen bada, "klase ertainarentzako kostuak handitu egingo dira, osasun arretaren legea indargabetuko dute, Gizarte Segurantza zartatuko dute, eta abortua herrialde osoan debekatuko dute".

Gertukoen ondoan eta oso hunkituta, askatasunaren aldarria egin du: "Askatasunaz ari garenean zuretzat eta maite dituzunen bizitza hobetzeaz ari gara, osasun arretan zure erabakiak hartu ahal izateaz eta eskolara tiroz hiltzeko beldurrik gabe joan ahal izatez".

"Kamala Harris AEBko hurrengo presidente bihurtzeko aukera daukagu (...). Horrela igaroko dugu Donald Trumpen aroa (...). Horrela borrokatuko gara, eta AEBko hurrengo presidente izango denak dioen bezala, borrokatzen dugunean irabazi egiten dugu", gaineratu du.

Halaber, Bill Clinton presidente ohiak eta Nancy Pelosi AEBko Ordezkarien Ganberako presidenteak babesa eman nahi izan die Kamala Harris eta Tim Walz bikoari. Horiez gain, Stevie Wonder musikaria eta Oprah Winfrey telebista aurkezle ezaguna ere bertan izan dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Joe Biden Kamala Harris