Mundua -

Ukrainako gerra

Ukrainak 28 herri hartu ditu Kursken, eta Errusiak aurrera egiten jarraitzen du Donetsken

Kursk mugako eskualdeko gobernadoreak aitortu duenez, Kieveko indarrak 12 kilometro sartu dira 40 kilometroko zabaleran.

Kalteak Kurskeko (Errusia) eraikin batean. Argazkia: EFE
Kalteak Kurskeko (Errusia) eraikin batean. Argazkia: EFE
Kalteak Kurskeko (Errusia) eraikin batean. Argazkia: EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Duela astebete Errusiako Kursk eskualdean sartu ziren tropa ukrainarrek bertako 28 herri kontrolatzen dituzte dagoeneko, Alexei Smirnov jarduneko gobernadoreak gaur Vladimir Putin Errusiako presidentearekin eta herrialdeko beste agintari batzuekin egindako bilera telematikoan onartu duenez.

Gobernadoreak adierazi du 28 herri horietan 2.000 pertsona inguru bizi direla.

"12 zibil hil eta 121 zauritu dituzte, tartean, 10 ume", esan du Smirnovek Putinek zuzendutako bileran. Defentsa eta Segurtasun arduradun nagusiek eta Briansk eta Belgorod eskualdeetako gobernadoreek parte hartu dute batzarrean.

Gobernadoreak jakinarazi duenez, une honetan Ukrainarekin muga egiten duen eskualdeko eremuetatik 121.000 pertsona ebakuatu dituzte, eta beste 60.000 ebakuatzea espero dute.

Smirnovek erantsi duenez, Kieveko indarrak 12 kilometro sartu dira eskualdean, erasoan 40 kilometroko zabalera hartuz, baina Ukrainako adituek zabaldu dute 30 eta 35 kilometro aurrera egin dutela.

Zelenskik erasoaldia onartu du

Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak Kursken egindako erasoa onartu du gaur, eta Moskurentzat "gerra honen hondamendia" izango dela gaineratu du. "Errusiak gerra ekarri die beste batzuei, orain bere etxera iritsi da. Ukrainak bakea nahi izan du beti, eta bakea bermatuko dugu", azpimarratu du.

Zelenskik Oleksandr Sirski Ukrainako Indar Armatuen komandante buruaren txosten bat jaso eta gutxira eman du mezua.

Presidenteak argitaratutako bideoan, Sirskik iragarri du Ukrainako indarrek Errusiako Federazioaren 1.000 kilometro karratu kontrolatzen dituztela, Kievek emandako lehen datu ofiziala.

Errusiak aurrera egiten jarraitzen du Donetsken

Bitartean, Errusiako Indar Armatuek beste herri bat hartu dute gaur Donetsken, Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, Ukrainako Armada Kursken sartu den arren. Are gehiago, aurrerapausoen abiadura handitzen ari dela ziurtatu du Moskuk.

"Abuztuaren 12an, Errusiako indarrek Lisichne herria askatu zuten Donetskeko errepublikan, egindako eraso gogorrei esker", adierazi du Errusiako departamentu militarrak.

Lisiche, 15 biztanle baino ez dituen herri txiki bat, Avdivka gotorleku ukrainarretik 24 kilometro ipar-mendebaldera dago.

Defentsak gogorarazi du joan den astean indar errusiarrek Donetskeko beste herrien kontrola hartu zutela, eta guztira 19 udalerri uztailean.

Putinek salatu du Kieven erasoaldiaren helburu nagusia Ukraina ekialdeko eta hegoaldeko erasoaldia geldiaraztea zela, baina ziurtatu du hori azkartu egin dela, gelditu beharrean.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ukraina Errusia Vladímir Putin Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski