Mundua -
Gaza, erasopean
Hamas ez da hurrengo negoziaziotara joango, eta Israel uztailean adostutakoa betetzera behartzea eskatu du
Erakunde islamistaren esanetan, Israelek negoziazioetan egindako proposamen berriek Gazaren aurkako erasoaldia "estaltzen" dute, eta "denbora" ematen diote Estatu sionistari horrekin jarraitzeko. Zentzu horretan, larunbatean Al Tabain eskolan izandako sarraskia gogorarazi du.
Agentziak | EITB Media
Hamas ez da Israelekin su-etena negoziatzeko hurrengo bilerara joango. Batzarra ostegunean, hilak 15, Kairon edo Dohan egitekoa da. Erakunde islamistak aurretik adostutakoa ezartzeko deia egin du ohar baten bidez, "negoziazio sorta berriekin jarraitu beharrean".
Israel uztailaren 2an adostutakoa betetzera behartzea eskatu die Hamasek bitartekariei, Egiptori, Qatarri eta Ameriketako Estatu Batuei, estatu sionistak negoziazioetan egindako proposamen berriek Gazaren aurkako erasoa "estaltzen" dute, erasoaldiari jarraipena emateko "denbora" ematen diotela ziurtatuz.
Negoziazioari begira, Hamasen erabakia Israelek larunbatean Gaza Hiriko Al Tabain eskolaren aurka egindako bonbardaketaren argitan iritsi da, izan ere, gutxienez 93 palestinar hil zituzten sarraskian.
Gainera, duela gutxi Ismail Haniyeh taldeko buruzagi politikoa hil zuten Teheranen egindako eraso batean. Israelek ez du haren egiletza aldarrikatu, ezta gezurtatu ere, Iranen egindako ekintzekin gertatu ohi den bezala.
"Mugimenduak onartu egin zuen bitartekarien proposamena 2024ko maiatzaren 6an", gogorarazi du Hamasek agirian, aurreko negoziazio-sortari erreferentzia eginez, "eta pozik hartu zituen Biden presidenteak 2024ko maiatzaren 31n egindako ekarpena eta Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren 2735 Ebazpena, mahai gainean dagoen egungo proposamenari buruzkoa".
"Hala ere, etsaiak ez zuen onartu, et gure herriaren aurkako sarraskiekin jarraitu zuen", salatu du erakunde islamistak.
Osama Hamdan taldeko bozeramaileak Libanoko Al Manar telebista-kateari eskainitako elkarrizketa batean berretsi duenez, su-etenari begira euren eskaerak noiz ezarriko zain daude: ersaoak bertan behera uztea, Israelgo Armada Gazatik erretiratzea, eta laguntza sartzea eta berreraikitzen hastea.
Gazako Osasun Ministerioak gaur argitaratu du azken 48 orduetako biktimen balantzea, eta bertan jakinarazi du 142 pertsona hil dituztela, gehienak Israelek Al Tabain eskolaren aurka egindako bonbardaketan.
Urritik, 39.897 palestinar hil dituzte Gazan, gehienak emakumeak eta haurrak, eta beste 92.152 zauritu dituzte. Hondakinen artean 10.000 gorpu baino gehiago daudela erantsi dute.