Mundua -

Gaza, erasopean

Israelek eskola bat bonbardatu du Gazan, eta barruan zeuden 100 desplazatu baino gehiago hil ditu

Israelgo Armadaren esanetan, "eskola barruan ziharduten Hamaseko terroristen aurka" egindako operazioa izan da. Ia 40.000 pertsona hil ditu Israelek 2023ko urriaz geroztik Gazako Zerrendan.

Gazako Al Tabain eskolako barrualdea. EFE
Gazako Al Tabain eskolako barrualdea. EFE
100 pertsonatik gora hil eta dozenaka zauritu dira Gazako eskola batean, Israelen bonbardaketa baten ondorioz

0:29

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

100 pertsona baino gehiago hil eta dozenaka zauritu dira larunbateko lehen orduetan, Israelgo Armadak Gazako eskola baten aurka egindako bonbardaketa batean, Hamas talde islamistak jakitera eman duenez. Eskola desplazatuen babeslekua zen.

Sarraskiaren osteko gorpuen irudiak bolo-bolo zabaldu dira sare sozialetan. Zibil asko dira ikusgai irudi horietan hilotzak biltzen.

"Gorpu asko txikituta eta erreta daude. Hilotz asko daude Arabiar Al Ahly Ospitalean, baina oraindik ezin izan dituzte identifikatu", adierazi du Defentsa Zibilak.

100 hildako baino gehiago Al Tabain eskolaren aurkako erasoan. EFE

Israelgo Armadak erasoa onartu egin du esanez "eskola barruan ziharduten Hamaseko terroristen aurka zehaztasunez egindako operazioa" izan dela.

Hamasen esku dagoen Gazako Osasun Ministerioaren arabera, ia 40.000 pertsona hil eta ia 92.000 zauritu ditu Israelek 2023ko urriaz geroztik Gazako Zerrendan, gehienak haurrak eta emakumeak.

Horrez gain, 10.000 desagertu daude oraindik hondakinen azpian, eta 1,9 milioi desplazatu. Aurrekaririk gabeko krisi humanitarioa bizi dute: azpiegitura guztiak suntsituta daude, ospitaleak kolapsatuta, epidemiei aurre egin behar diete, eta gosetea eta elikagaien eta botiken eskasia pairatzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Israel Palestina