Mundua -
EKIALDE HURBILA
Israelek baieztatu du Mohamed Deif Hamaseko buruzagi militarra hil zuela uztailaren 13ko erasoan
Israelgo Armadak esan du Mawasin egindako erasoaldian hil zela buruzagia. Eraso horretan 90 palestinar ere hil zituen Israelek.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Israelgo armadak Mohamed Deif Hamaseko militarreko buruetako bat hil duela baieztatu du uztailaren 13an Mawasiko eremu humanitarioan, Gazako Zerrendaren hegoaldean, izandako erasoaldian. Bertan, beste 90 palestinar ere hil ziren.
Deif talde islamistaren 'bigarren" burutzat jotzen da Deif, Yahya Sinwarren atzetik, eta laurogeita hamarreko hamarkadaz geroztik Israelgo bilatuenen zerrendan zegoen; izan ere, eraso terrorista ugari egitea eta planifikatzea leporatzen zaizkio.
Al Qasam Brigadetako buruzagia Rafaa Salameh bere kidearekin batera hil dute Mawasiko eremu humanitarioan egindako bonbardaketa batean, Jan Yunis herriaren mendebaldean. Zerrendako osasun agintarien arabera, gainera, erasoaldi horrek beste 90 hildako eta 300 zauritu baino gehiago utzi ditu.
Orain arte, Israelgo Armadak ez du buruzagiaren heriotza egiaztatu, baina joan den astean "gero eta zantzu gehiago" zeudela esan zuen, eta ostegun honetan baieztatu du bera dela hildakoetako bat. Hamasek, baina, oraindik ez du baieztatu.
Israelen arabera Deif, Sinwarrekin batera, urriaren 7ko erasoaldiaren buruetako bat da, 1.200 hildako eta 250 bahitu eragin zituena. Gogoratu behar da erasoaldi horrek Gazako Zerrendako egungo gerra piztu zuela, eta dagoeneko 39.400 palestinar bahino gehiago hil dituela.
1965ean Jan Yunisen jaio zen Deif eta Hamasekin 1987an elkartu zen Lehen Intifadaren hasieran. 1990ean lehen aldiz kartzelatik irten ondotik, ziztu batean igo zituen postuak talde islamistaren barruan.
2000. urtean berriz ere espetxean sartu zuten, baina ihes egitea lortu zuen, eta 2002an Bigarren Intifadaren puntu gorenean, Al Qasam Brigadetako buru koroatu zuten, Israelek bere buruzagia, Saleh Shehada, hil ondoren. Hortik aurrera Deif taldearen estrategia militar osoaren muina bihurtu zen.
Israelek Hamasi emandako bigarren kolpea da, atzo Ismail Haniyeh taldeko buruzagi politiko nagusia hil ondoren Teheranen. Iranek Israeli egozten dio erasoa, honek, ordea, gaur gaurkoz ez du baieztatu bera izan denik.