Mundua -

AEB

Joe Bidenek amore eman du, eta ez da hautagai izango

Presioei men eginda, AEBko presidentea ez da aurkeztuko demokraten hautagai gisa datozen hauteskundeetan. Kamala Harris presidenteordearen aldeko botoa eskatu du azaroaren 5eko hauteskundeei begira.

Joe Biden eta Kamala Harris. EFE.
Joe Biden eta Kamala Harris. EFE.
Joe Biden eta Kamala Harris. EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden AEBko presidenteak igande honetan iragarri du hauteskunde-lehia utziko duela, eta Kamala Harris presidenteordea proposatu du Alderdi Demokrataren buru izateko, duela lau aste pentsaezina zen egoera batean.

Gutun bidez eman du erabakiaren berri Joe Biden AEBko presidenteak. Albo batera egingo du, bere alderdiaren eta bere herrialdearen onerako. 

"Nire bizitzako ohorerik handiena izan da presidentea izatea. Eta nire asmoa berrautaketa bilatzea izan bada ere, uste dut nire alderdiarentzat eta herrialdearentzat onena dela, albo batera egin eta nire agintaldia bukatu arte, presidente gisa dauzkadan eginbeharrak betetzea", adierazi du 81 urteko agintariak.

Horrela, Bidenek amore eman du bere alderdikideen presioen aurrean, adinagatik lekukoa uzteko eskatua baitzioten azken egunetan dozenaka legegile eta senatarik.

Ekainaren 27an, Atlantan, Donald Trump presidente ohiaren aurka izandako eztabaidan erakutsi zuen maila txarraren ondorioz, zalantza ugari sortu ziren alderdi demokrataren barruan egungo agintariak New Yorkeko handikia garaitzeko izango lukeen gaitasunaren inguruan; noiz eta Trump inoiz baino hobeto jartzen dutenean gainera, inkestek, hilabete batean hiru puntuko aldear atera baitio, RealClearPolitics atari espezializatuak igande honetan argitaratu duen inkestaren arabera.

Presidentea bakartuta dago bere Delawareko etxean, covid-etik indarberritzen, eta azaldu du datozen egunetan nazioaren aurrean hitz egingo duela, bere erabakia azaltzeko.

"Oraingoz, utz iezadazue nire eskerrik beroenak adierazten ni berriz aukeratua izateko hain gogor lan egin duten guztiei. Kamala Harris presidenteordeari eskerrak eman nahi dizkiot, lan honetan guztian aparteko bidelagun izateagatik. Eta utz iezadazue herri estatubatuarrari nire eskerrik beroenak ematen nigan jarri duten fede eta konfiantzagatik". 

Bere erabakiaren berri eman eta minutu gutxira, AEBeko presidenteak Kamala Harris presidenteordearen aldeko botoa eskatu du azaroaren 5eko hauteskundeei begira, X sare sozialean zabaldutako mezu baten bidez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Trump gaur Joe Biden Kamala Harris