Mundua -

AEB-KO HAUTESKUNDEAK

Nork ordezkatuko luke eta zein izango litzateke Joe Biden ordezkatzeko prozesua?

Primarioen beste prozesu bat hasteko astirik gabe, Etxe Zurirako hautagai berria abuztuaren 19tik 22ra Chicagon egingo den Demokraten Konbentzio Nazionalean aukeratu beharko lukete.

Joe Biden eta Kamala Harris. EFE.
Joe Biden eta Kamala Harris
Joe Biden eta Kamala Harris. EFE.

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Joe Biden Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak esan du bere asmoa amaierara arte jarraitzea dela. Baina, zer aukera dituzte demokratek Bidenek presioari men egiten badio?

AEBko bi presidentek (Harry Trumanek 1952an eta Lyndon B. Johnsonek 1968an) bozketa egiten zen urteko martxoan ez aurkeztea erabaki zuten arren, Bidenek ospa egiten badu, hauteskunde-prozesuan lehen aldiz hartuko luke presidente batek erabaki hori hain berandu.

Primarioen beste prozesu bat hasteko astirik gabe, Etxe Zurirako hautagai berria abuztuaren 19tik 22ra Chicagon egingo den Demokraten Konbentzio Nazionalean aukeratu beharko lukete.

Oztopo horiek guztiak gorabehera, Demokraten Batzorde Nazionalak (konbentzioa antolatzeaz arduratzen da) Biden ordezkatzeko arauak ditu:

1.- Joe Bidenek formalki jakinarazi behar dio Demokraten Batzorde Nazionalari erretiratzeko erabakia.

2.- Demokraten Batzorde Nazionalak premiazko bilera egin behar du, eta arau- eta erregelamendu-batzordeak bertan zehaztu behar du ordezkoa hautatzeko prozesua. Hortik aurrera, prozesua zaildu egiten da Bidenen jarreraren arabera.

3.- Bidenek abuztuko Demokraten Konbentzioan izendatua izan ondoren erretiratzea erabakitzen badu, Demokraten Batzorde Nazionalak konbentzio berezi bat egitea erabaki dezake beste presidentegai bat izendatzeko edo zuzenean hautagaia izendatu, buruzagi demokratekin kontsultak egin ondoren.

4.- Biden abuztuko konbentzioaren aurretik erretiratzen bada, bertan erabakiko da ordezkoa. Bidenek bere ordezkoa erabakitzeko gaitasun handia izango luke, gaur egun 3.939 ordezkarietatik 3.908 kontrolatzen baititu. Estatu bakoitzeko legeek erabakitzen dute ordezkari horiek nola aukeratu, eta horietako 14k, hasiera batean, Estatuko lehen aukeraketan irabazi zuen hautagaiari eman behar diote botoa.

Bidenek bere ordezkariei baimena eman diezaieke aurkezten diren hautagaien artean bat askatasunez aukera dezaten. Irabazlea gutxienez 1.976 ordezkariren babesa lortzen duen hautagaia izango litzateke.

Beste aukera bat (oso zaila, ia ezinezkoa ez esateagatik) Bidenek bere hautagaitzari eustea da, Demokraten Batzorde Nazionalaren nahien kontra. Kasu horretan, benetako gerra zibila izango litzateke demokraten artean, eta Demokraten Konbentzioko ordezkarien % 95 Bideni botoa ematera behartuta egongo lirateke.

Hala ere, Demokraten Batzorde Nazionalak 'aukera nuklearra' erabil lezake: konbentzioaren arauak berridaztea, ordezkariek beste hautagai bati botoa eman ahal izateko.

Nor izango litzateke hautagaia?

Gaur egun gehiengoa Kamala Harris presidenteordearen alde dago, azaroko hauteskundeak Donald Trumpi irabazten saiatzeko.

Kaliforniako fiskal nagusi ohi eta senatari ohia da, ziur asko, trebeena oraintxe bertan desbideratzen ari den kanpaina baten gidaritza hartzeko.

Harris ezaguna da (Bidenek baino emaitza hobeak lortu ditu galdeketetan), Trump baino gutxigo bada ere, eta presidente berriaren kanpainak maiatzaren 31n bankuan zituen 91 milioi euroak erabil ditzakeen bakarra da.

Gainera, egungo presidenteordea denez, alderdiaren barruan babes zabala izan dezakeen bakarra da, Chicagoko batzarrean desadostasun irudia saihesteko.

Harris ez bada, nor?

Alderdi Demokratak gobernadore talde bat du oraintxe, 2028an Etxe Zurirako egingo diren hauteskundeei begira, jauzia emateko prest, baina Bidenen balizko erretiroa dela eta baliteke horiek pauso bat aurrera emateko ordua aurreratzea.

Gretchen Whitmer Michigango gobernadorea eta Josh Shapiro Pennsylvaniako gobernadorea dira hautagai horietako bi, eta Gavin Newsom Kaliforniako gobernadoreak ere presidentegai izateko aukerak ditu. Bidenen Gobernuaren barruan, Pete Buttigieg Garraio idazkaria 2020ko primarioetan saiatu zen, eta presidentegai izaten jarraitzen du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Hauteskundeak AEB Eguneko albisteak Albisteak Joe Biden Kamala Harris