Mundua -
AEB
Trump arin zauritu dute hilketa saiakera batean
"Jainkoak bakarrik saihestu du pentsaezina zena gertatzea", esan du hautagai errepublikanoak. Pertsona bat hil da Thomas Matthew Crooks 20 urteko gazteak mitin batean egindako erasoan. Trumpi urratu bat besterik ez dio egin eskuineko belarrian.
agentziak | eitb media
Donald Trump AEBko presidente izateko hautagai errepublikano eta presidente ohia hiltzeko saiakera egin dute bart mitin batean. FBIk Thomas Matthew Crooks gisa identifikatu duen 20 urteko gazteak tiro egin dio Butlerren (Pennsylvania), baina belarri batean urratu bat besterik ez dio egin. Hala ere, bi hildako utzi ditu erasoak: erasotzailea bera (Poliziak tirokatu du) eta beste pertsona bat.
"Jainkoak bakarrik saihestu du pentsaezina zena gertatzea", ziurtatu du Trumpek Truth Social sare sozialean, eta erasoaren ostean jasotako babesa eskertu du. "Ez dago zertan beldurrik izan, eta tinko jarraituko dugu gure egitekoarekin", adierazi du.
Era berean, erasoan hildako jarraitzailearen ingurukoei doluminak helarazi dizkie Trumpek, eta zauritutako pertsonei babesa adierazi die. "Hain modu izugarrian hil zuten herritarraren oroitzapena beti izango dugu gogoan", gaineratu du AEBko presidente ohiak.
"Une honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa da elkartuta egotea eta estatubatuar gisa dugun benetako izaera erakustea, indartsu eta irmo jarraituz eta gaizkiari irabazten ez utziz", azpimarratu du Trumpek.
20 urteko mutil bat izan da erasotzailea
Zerbitzu Sekretuko agenteek egin diote aurre erasoari, presidentegaia, 15.000 ikus-entzuleak eta kazetariak lurrean etzanda zeuden bitartean.
Erasotzailea tirokatuta hil dute, baina beste pertsona bat ere hil da. Bala batek zauri arina egin dio Trumpi eskuin belarrian.
Minutu bat inguru iraun du erasoak, eta, ondoren, Trump bere kabuz altxatu da, belarria odoletan zuela eta ukabila jasota, ibilgailu ofizial batean sartu, eta osasun azterketa egitera eraman dute.
Ondoren, iturri ofizialek baieztatu dute bi direla hildakoak (tartean erasotzailea), eta kanpainako iturriek jakinarazi dute presidente ohia "ondo" dagoela.
Hautagai errepublikanoak berak kontatu du Truth Social sare sozialean bala batek eskuin belarria zeharkatu diola erasoan. "Segituan jakin nuen zerbait gaizki zegoela. Txistu-hotsa entzun nuen, tiroak, eta balak azala zeharkatzen zidala sentitu nuen. Odol asko isuri nuen, eta horrela ohartu nintzen gertatzen ari zenaz", azaldu du.
"Sinestezina da horrelako zerbait gure herrialdean gertatzea", adierazi du, eta "erasotzailea hilda" dagoela gaineratu.
Donald Trumpen aurka egindako erasoa irmo gaitzetsi dute mundu osoko agintariek
Joe Biden AEBko presidente eta Trumpen aurkariak, telebistan egindako agerraldi batean, gaitzetsi egin du erasoa, eta telefonoz deitu dio hautagai errepublikanoari.
Antonio Guterres Nazio Batuen Erakundearen idazkari nagusiak ere gaitzetsi egin du atentatua, "indarkeria politikoko ekintza", eta "azkar osatzea" opa dio Trumpi.
Bruselatik, berriz, Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri Gaietarako goi ordezkaria "atsekabetuta" agertu da eta "irmo" gaitzetsi du atentatua: "Atsekabetuta Trumpen aurkako atentatuaren albistearekin, irmo gaitzesten dut. Ordezkari politikoen aurkako indarkeria onartezinaren beste erakusgarri bat da".