Mundua -
Ameriketako Estatu Batuak
Bidenek gutun bat bidali die ordezkari demokratei, presidentetzarako lehian jarraituko duela azpimarratzeko
"Prentsan eta beste eremu batzuetan espekulazioak egon arren, borroka honetan jarraitzeko, amaieraraino iristeko eta Donald Trump garaitzeko konpromiso irmoa dudala jakin dezatela nahi dut", adierazi du AEBko presidenteak.
Agentziak | EITB Media
Joe Biden AEBko presidenteak gutun bat bidali die Kongresuko senatari eta ordezkari demokratei, eta Donald Trumpen aurkako hauteskunde lehian jarraituko duela berretsi du.
"Prentsan eta beste gune batzuetan espekulazioak egon arren, borroka honetan jarraitzeko, amaieraraino iristeko eta Donald Trump garaitzeko konpromiso irmoa dudala jakin dezatela nahi dut", azpimarratu du.
Demokratak esan du ez litzatekeela berriro presidente izateko hautagai izango "erabat sinetsiko ez balu" bera dela agintari errepublikano ohia "garaitzeko pertsonarik onena" (2017-2021).
Bidenek azaldu duenez, joan den ekainaren 27ko presidentetzarako eztabaidaren ondotik kritikak jaso ostean, "elkarrizketa luzeak izan ditu alderdiko buruzagiekin, funtzionario hautetsiekin, militanteekin eta boto-emaileekin".
"Jendearen kezkak eta fede onez hauteskunde hauetan jokoan dagoenari buruz adierazten dituzten beldurrak entzun ditut. Ez naiz horretatik at geratzen", erantsi du 81 urteko agintariak, eta azaroaren 5ean berriro aurkeztuko da, bere alderdiko ordezkariek uda honetan baieztatu ostean.
Bidenek azaldu duenez, egunotan "maitasun adierazpen" ugari jaso ditu. "Kongresuan eta herrialde osoan hainbat demokrata hautetsik emandako babes sendo eta irmoa eskertzen dut", adierazi du.
Bidenek, gainera, hainbat estatutan egin diren hauteskunde primarioen garrantzia azpimarratu du, bertan, itzal egingo zion beste hautagai indartsurik gabe, irabazle suertatu baitzen. Prozesu horietan 14 milioi boto baino gehiago jaso dituela adierazi du, emandako botoen % 87.
"Ia 3.900 ordezkari lortu ditut, eta horrek gure alderdiaren ustezko hautagai bihurtzen nau", gogorarazi du, demokraten konbentzioari begira duen gehiengoari erreferentzia eginez.
Presidenteak errefusatu egin du prozesu honek ez duela axola: "Alderdi Demokrataren boto-emaileek boza eman dute. Alderdiaren hautagaia izateko aukeratu naute", errepikatu du.
"Alderdi Demokrataren boto-emaileek nigan jarri duten fedearekiko eta konfiantzarekiko betebehar sakona sentitzen dut, aurten nire burua aurkezteko. Haien erabakia izan zen. Ez prentsa, ez adituak, ez emaile handiak, ez eliteak ere, nahiz eta asmo onekoak izan. Boto-emaileek, eta soilik boto-emaileek, erabakitzen dute Alderdi Demokrataren hautagaia", nabarmendu du.