Mundua -

Frantziako hauteskundeak

Frantziako ezkerrak aste honetan izendatuko du lehen ministro izateko hautagaia

Orain arte lehen ministro izan den Gabriel Attalek astelehen honetan bere postuari uko egingo diola iragarri du.

Manifestariak Pariseko Place de la Republique-n, 2024ko uztailaren 7an
Manifestariak Pariseko Place de la Republique-n, 2024ko uztailaren 7an
Manifestariak Pariseko Place de la Republique-n, 2024ko uztailaren 7an

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Intsumisoek, sozialistek, ekologistek eta komunistek osatutako Fronte Herritar Berriak (NFP) Frantziako hauteskundeak irabazi ditu eta ultraeskuina hirugarren posturaino zokoratzea lortu du. Testuinguru horretan aste honetan lehen ministrorako hautagai bat izendatuko du.

Frantziaren gobernagarritasuna galdera ikurrez josita dago, Gabriel Attal lehen ministroak ere dimisioa jarri dio mahai gainean Macroni, eta ikusteko Frantziako Presidenteak nor izendatuko duen lehen ministro. Eliseoko iturriek zabaldu dutenez, izendapen hori ez da berehalakoan espero, eta Macronek adierazi du Asanblea Nazionala osatu arte, ez duela erabakirik hartuko.

Lehen ministro berria izendatzea Emmanuel Macron Errepublikako presidenteari dagokio, eta NFPko buruzagi nagusiek, hala nola Melenchonek eta Olivier Faure idazkari nagusi sozialistak, eskuduntza hori ezkerreko koalizioko norbaitentzat izatea eskatu diote Macroni.

"Aste honetan hautagaitza bat prestatzeko gai izan behar dugu", azpimarratu du astelehen honetan Faurek, eta azpimarratu di Macronek onartu behar duela "garaitua" izan dela. France Info irrati katean egindako elkarrizketa batean, Faurek ez du aurreratu nor izango den hautagaia, hori bai, Melenchon baztertu egin du. Horren arabera, izendatuak gainerakoekin hitz egiteko gai izan beharko du; izan ere, Fronte Herritar Berriaren "gehiengo erlatiboa handitu" behar da.

Buruzagi sozialistaren ustez, "eremu makronistak erantzukizuna erakutsi behar du" eta etorkizunean eskua nori luzatuko dion argitu beharko duela. 

Manuel Bompard Frantzia Intsumisoko diputatuak berretsi duenez, igandeko bozketan "galtzaileak" daude, Marine Le Penen Bilgune Nazionala eta makronismoa eta nabarmendu du Fronte Herritar Berria "Asanblea Nazionaleko lehen alderdi politikoa dela, eta berari dagokiola gobernatzea". Hala, gaur bertan koalizioko alderdiak eztabaidatzen jarraituko dutela adierazi du euren programa aplikatu ahal izateko "metodo bat eta izen bat" proposatzeko.

Marine Tondelier Ekologisten buruak berretsi duenez, Macronek "gaur deitu beharko lioke ofizialki Fronte Herritar Berriari, lehen ministroa izendatzeko".

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Iparraldea Frantzia Zenbat hautagai daude hauteskundeetan? Eguneko albisteak Albisteak Hauteskundeak Frantzia Frantziako Gobernua