Mundua -
Europa
Europar Batasuneko buruzagitza instituzionala berritzeko izenak adostu dituzte Meloniren baiezkorik gabe
Hauteskundeak izan eta hiru astera heldu da akordioa. Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidentea izango da, Antonio Costa Europako Kontseiluko presidentea izango da eta Kaja Kallas Europar Batasuneko Atzerri Politikarako eta Segurtasun Politikarako Goi Ordezkaria izango da.
Agentziak | EITB Media
Europar Batasuneko Estatuetako eta Gobernuetako buruek datozen bost urteetan Europako erakundeko goi-karguak nortzuk izango diren adostu dute. Akordioak ez du Giorgia Meloniren, Italiako lehen ministroaren, babesik izan. Negoziaketetatik kanpo utzi izana salatu du italiarrak.
Hauteskundeak izan eta hiru astera heldu da akordioa. Ondorengoak izan dira aukeratuak: Ursula von der Leyen Europar Batzordeko presidentea izango da, Antonio Costa Europako Kontseiluko presidentea izango da eta Kaja Kallas Europar Batasuneko Atzerri Politikarako eta Segurtasun Politikarako Goi Ordezkaria izango da.
Von der Leyenek adierazi duenez, datozen hiru asteetan eta Europar Batasunak bere izendapena baieztatu bitartean "Europa sendo bat osatzeko gehiengoa konbentzitzea" bilatuko duela. Era berean, Europar Batasunaren alde dauden alderdiekin eta eurodiputatuekin lankidetzan aritu nahi duela azpimarratu du. Ukrainaren alde eta Estatu eskubidearen alde arituko dela ere gaineratu du Von der Leyenek.
Costak bideokonferentzia bidez parte hartu du akordioaren osteko agerraldian. Izendapena "arduraz" hartu duela esan du eta 27 herrialdeen artean Kontseiluak onartutako agenda estrategikoa aplikatzeko lan egingo duela gaineratu du.
Kallasek adierazi duenez, Europar Batasuneko diplomaziak ondorengo erronkak izango ditu: Europako gerra eta Europan, zein mundu mailan dagoen ezegonkortasuna.
Meloni eta Orban kontsentsutik kanpo
Europako Kontserbadore eta Erreformisten kide den Georgio Meloni kexu agertu da. Europaren aldeko hiru talde nagusiek negoziaketetatik kanpo utzi izana salatu du. Von der Leyenen izendapenean abstenitu egin da eta da Kallas eta Costaren aurka bozkatu du.
Viktor Orban Hungariako lehen ministroa ere kontsentsutik kanpo geratu da. Von der Leyenen aurka bozkatu du, Kallasen izendapenean abstenitu egin da eta Costaren aldeko botoa eman du.