Mundua -
Frantzia
Parisko Auzitegiak bertan behera utzi du Ciottiren kanporatzea, eta LRko buruzagi izaten jarraitzen du
Eric Ciotti kanporatua izan zen, Marine Le Penen ultraeskuindarrekin ekainaren 30ko eta uztailaren 7ko hauteskundeeetarako aliantza bat egiteko asmoa zuelako.
Agentziak | EITB Media
Pariseko Auzitegi Judizialak bertan behera utzi du gaur Eric Ciottiren LR alderdi kontserbadoretik kanporatzea, eta errepublikarren presidente izaten jarraitzen du.
Ciotti kanporatua izan zen, Marine Le Penen ultraeskuinarekin ekainaren 30ko eta uztailaren 7ko hauteskundeetarako aliantza bat egiteko asmoa zuelako.
"Pariseko Auzitegi Judizialak bertan behera utzi du kanporatzea, eta, beraz, presidente gisa ditudan funtzioei eusten diet", baieztatu du X sare sozialean buruzagiak. Charles de Gaulleren eta Jacques Chiracen eskuinaren oinordekoa den bere alderdiaren erabakia Justiziaren aurrera eraman zuen Ciottik.
"Orain eskuineko aliantzarekin kanpaina egitea dagokigu, ezker muturrari irabazteko", gaineratu du Ciottik BFMTVri egindako adierazpenetan.
Gaurko erabaki judiziala, ordea, behin-behinekoa da, eta errepublikarren presidenteak zortzi eguneko epea izango du alegazioak aurkez ditzan. Hala egiten ez badu, gaurko ebazpena ondoriorik gabe geratuko da.
Ekainaren 12an premiazko bilera egin zuen errepublikarren zuzendaritzak presidentea kargutik kentzeko, eta gaur bertan, hilak 14, erabakia berretsi du. Zehazki, Kontseilu Nazionalaren laurdena bildu da batzarrean, alderdiko zuzendaritzaren ordezkaritza baino askoz zabalagoa.