Mundua -
Frantzia
Fronte Popularra eskuin muturra boterera ez iristeko alternatiba bakarra bezala aurkeztu da
"Oso harro gaude ezker osoarekin eta ekologistekin egotearekin", esan du Olivier Faure Alderdi Sozialistako buruak. "Funtsezkoa jokoan dagoenean, hor gaude, beti hor", azpimarratu du.
EITB Media
Frantziako Fronte Popular berriak ezkerreko alderdiak biltzen ditu, aurreratutako hauteskunde legegileei begira, eta eskuin muturra boterera ez iristeko alternatiba bakartzat aurkeztu du bere burua; izan ere, eskuin muturra da inkestetan faboritoa, Europako hauteskundeetan garaipen handia lortu ondoren.
Manuel Bompard (Frantzia Intsumisoa), Olivier Faure (Alderdi Sozialista), Marie Tondelier (ekologistak) eta Fabien Roussel (Alderdi Komunista) buruzagiek prentsaurrekoa eskaini dute elkarrekin. "Oso harro gaude ezker osoarekin eta ekologistekin egoteaz", adierazi du Faurek, eta "funtsezkoa jokoan dagoenean, hor gaude, beti hor", erantsi du.
Hauteskundeak irabazten baditu, gutxieneko soldata hilean 1.600 eurora igoko duela eta Emmanuel Macron presidenteak kendu zuen aberats handien gaineko zerga berrezarriko duela agindu du Fronte Popular berriak. Neurri horiek "Macronen politikarekin erabateko haustura" dakarten 150 proposamenen zerrendan daude, Bomparden hitzetan.
Fronte Popular berri honen programaren ardatz nagusia erosteko ahalmenaren aldeko neurriak dira, besteak beste, gutxieneko soldata azkar igotzea (egun hilean 1.400 euro garbikoa da) eta soldatak inflazioarekin parekatzea, baita "elikagai eta energia prezioen blokeoa" ere.
Macronek 2017an kendu zuen aberatsen gaineko zerga, bere lehen agintaldiaren hasieran, inbertitzaileak erakartzeko eta atzerrian zerga gutxiago ordaintzeko dirudunek ihes egitea saihesteko.
Faurek ziurtatu duenez, Gobernura iristen badira, "lehen 15 egunetan" utziko dituzte bertan behera Macronen pentsioen erreforma polemikoa, erretiroa hartzeko gutxieneko adina 62 urtetik 64ra atzeratzen duena, eta langabezia-aseguruaren erreforma, subsidioa kobratu ahal izateko baldintzak zorrozten dituena eta uda honetatik aurrera indarrean jarri beharko litzatekeena.
Ezkerrak agindutako beste neurri nagusietako bat "hezkuntzaren benetako doakotasuna" litzateke, jantokia, garraioa eta eskola-materiala barne.
Bestalde, EH Bai koalizioak Fronte Popularraren parte izatea erabaki du. Horrela, EH Baiko kideak hautagaitza honen barruan aurkeztuko dira Ipar Euskal Herriko barrutietan. Ostegunean egindako ezohiko batzar batean, militanteen % 95,3k egin dute proiektu politiko berri honetan sartzearen alde.