Mundua -
HAUTESKUNDEAK FRANTZIAN
Frantziako alderdiak akordioak bilatzen ari dira, hauteskundeetan indar gehiago izateko asmoz
Eric Ciotti Errepublikanoak (LR) alderdi kontserbadoreko presidenteak "aliantza" sendoa osatzea proposatu dio Marine Le Penen Bilgune Nazionala (RN) eskuin-muturreko alderdiari.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Frantziako alderdi politikoak aliantzak bilatzen ari dira, datozen hauteskunde legegileei begira indar gehiago izateko asmoz. Izan ere, Emmanuel Macron presidenteak hauteskundeak aurreratzea erabaki zuen igandeko Europako hauteskundeen emaitzak ezagutu ostean.
Testuinguru horretan, Eric Ciotti Errepublikanoak (LR) alderdi kontserbadoreko presidenteak "aliantza" sendoa osatzea proposatu dio Marine Le Penen Bilgune Nazionala (RN) eskuin-muturreko alderdiari, bien artean "bloke kontserbadorea" osatuz.
Dena dela, Ciottik argitu du talde propioa izaten jarraituko luketela, eta baztertu egin du 'Talde Nazionala'ren izena izango lukeen koaliziopean aurkeztea hauteskundeetara. Dena dela, balizko akordio horrek Frantziako zentro-eskuinak eskuin-muturreko alderdiari ezarritako muga haustea ekarriko luke. Ciottik nabarmendu duenez, ordea, uneotan bere alderdia "ahulegia" da bakar-bakarrik "eskuinaren balioak" defendatzeko.
Testuinguru horretan, ezkerreko alderdiek aurreakordioa lortu dute 'Fronte Popularra' sortzeko ultraeskuindarren aurka. Frantzia Intsumisoak, Alderdi Sozialistak, Berdeek eta Alderdi Komunistak "lehen itzulian hautagai bakarrak babestea" proposatu dute.
Aliantza horren helburua "haustura sozial eta ekologikoen programa bat aurrera eramatea da, Macronen alternatiba sendoa eraikitzeko eta eskuin muturraren proiektu arrazistari aurre egiteko".
Ezkerreko zein eskuineko alderdiak balizko akordioak bilatzen hasi dira beraz, presidenteak Asanblea Nazionala desegin eta ekainaren 30erako eta uztailaren 7rako hauteskundeak deitu ondoren.