Mundua -
Gaza erasopean
Israelek berriro bonbardatu ditu Rafahko errefuxiatuen kanpalekuak, nazioartearen presioei entzungor eginda
Gutxienez 16 pertsona zendu dira Israelgo Armadak UNRWAko denden kontra bart egindako erasoetan. Atzo 50 pertsona, gehienak zibilak, hil zituen Israelek antzeko bonbardaketa batean.
Agentziak | EITB Media
Nazioartearen kritika eta presioei entzungor, Israelek bigarrenez eraso die bart Rafahn (Gaza hegoaldea) errefuxiatuentzat paratutako kanpalekuei. Gutxienez 16 lagun hil dira erasoetan. Atzo 50 palestinar, gehienak zibilak, hil zituen Israelek Tal al Sultango kanpalekuan, Rafahko ipar-mendebaldean.
Rafahtik bertatik EFE albiste agentziak jaso duen informazioaren arabera, zazpi pertsona hil dira Al Hashash inguruan, eta beste zazpi Al Barakasat errefuxiatuen kanpalekuan (Rafahren ipar-mendebaldea), UNRWA NBEren agentziaren babeslekuetatik gertu. Gainera, 10 urteko haur bat eta adineko gizon bat zendu dira artileriarekin egindako erasoetan, Rafahn hori ere. Tal al Sultan kanpalekuan, ustez "gune segurua" zen horretan, bonbardaketa gogorrak egin ditu Israelek, betiere iturrien arabera.
Gaza iparraldean ere izan dira erasoak, eta bertan beste sei pertsona hil direla jakinarazi dute. Indonesiako Ospitaleari eraso dio Israelek, eta bertako mediku bat zauritu du.
Mugarik gabeko Medikuak gobernuz kanpoko erakundeak jakinarazi duenez, erasoetako batzuk euren larrialdietarako zentrotik (han dituzte larri zauritutakoak) gertu jazo dira, eta osasun langileen sartu-irtena eragotzi da.
UNRWAren arabera, milioi bat pertsonak egin dute ihes eremutik Israelek Rafahren kontrako erasoaldia abiatu zuenetik. Hiriko mendebaldetik ere joan beharrean daude orain, bonbardaketak tarteko.
Asteleheneko bonbardaketak haserrea eta gaitzespena eragin ditu mundu zabalean, eta CNN telebista kateek iturri diplomatikoak aipatuta zabaldu dutenez, NBEren Segurtasun Kontseiluak urgentziazko bilera egingo du, Aljeriak eskatuta.
Israelgo Armadak Tal al Sultango kanpalekuaren kontrako atzoko erasoaldia baieztatu zuen, eta bonbek eta piztutako suteek "erasoaldiaren jomuga ez ziren beste pertsona batzuk" zauritu zituztela. Iragarri duenez, ikerketa abiatu du "oso larria" den gertakaria argitzeko.
Tel Aviv gero eta isolatuago dago, Europar Batasunak berak, lehen aldiz, errepresaliak hartzeko aukera mahai gainean jarri ostean, Israelek Nazioarteko Auzitegiaren aginduak betetzen ez baditu. Gogora ekarri behar da Hagako Auzitegiak Rafahren kontrako erasoaldia gelditzeko agindu ziola joan den astean.