Mundua -
Gaza erasopean
Israelek 50 pertsona hil ditu "zona seguruan" zegoen Rafahko errefuxiatu gune baten kontra egindako erasoan
Israelgo Armadak berak Tal al Sultango kanpalekuaren kontrako bonbardaketa baieztatu du. Erasoak sute handia eragin du. Kanpalekua ez dute aurrez hustu, eta jende asko erreta hil da. Hildako gehienak zibilak dira.
Agentziak | EITB Media
Israelgo Armadak gutxienez 50 gazatar hil ditu bart Tal al Sultango, Rafahko ipar-ekialdean, errefuxiatu kanpaleku baten kontra egindako bonbardaketa batean.
"Israelgo indarrek beste sarraski krudel bat egin dute Rafahn, 50 martiri hil ditu eta dozenaka zauritu, gehienak haurrak eta emakumeak", jakinarazi du Gazako Osasun Ministerioko bozeramaile batek.
Israelgo Armadak berak baieztatu du erasoa. Azaldu duenez, "arma inteligenteak" erabilita egin dute erasoa eta Hamaseko bi buruzagi izan dituzte helburu: Jassin Rabia Zisjordaniako komandanteetako bat eta Khale Nagar eremu bereko beste buruzagi bat.
"Hamasek Judean eta Samarian (Zisjordania) duen adarrak inguru horretan eta Israelen kontra egiten diren eraso terroristak planifikatzeko, finantzatzeko eta burutzeko ardura du", adierazi du Armadak oharrean.
Kanpalekua beteta zegoen eta ez dute aurrez husteko agindurik eman. Hori horrela, hildako gehienak zibilak dira. Sare sozialen bidez zabaldutako irudietan ikus daitekeenez, bonbardaketek sute handia eragin dute, eta sutan zeuden kanpin dendak zeuden nonahi.
Gazako Osasun Ministerioaren arabera, azken 24 orduetan 190 palestinar hil ditu Israelek Rafan, tartean "segurutzat" jotako hiriko mendebaldeko kanpalekuetan.
Eraso israeldar horien bezperan, Hamasek zortzi kohete jaurti zituen Israelgo erdialdera, Tel Avivera tartean. . Lau hilabete zeramatzan Hamasek Israelen aurkako erasorik egin gabe. Koheteek ez dute kalte material handirik egin, ezta inor zauritu ere.
Israelek Rafahn egindako erasoan zibilak hil izana "ezbehar tragikoa" dela esan du Netanyahuk
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak adierazi duenez, bart Rafahko errefuxiatuen eremu batean egindako erasoan zibilak hil izana "ezbehar tragikoa" da.
"Kasua ikertzen ari gara, hori da gure politika. Guretzat, zibilei egindako kalte bakoitza tragedia bat da", esan du Netanyahuk Israelgo Parlamentuan, Gazan jarraitzen duen bahituen familiekin bilduta.
Gogoan izan behar da orain arte 36.000 pertsona hil dituztela Gazan, horietatik % 70 zibilak.
Nazioartearen gaitzespena
Charles Michel Europako Kontseiluko presidenteak "izugarritzat" jo du Israelek Rafahn egindako bonbardaketa. "Izugarria da zibil palestinar errugabeak hilda ikustea. Rafahko barne desplazatuentzat ez dago gune segururik", deitoratu du Michelek X sare sozialean.
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren gobernuari "Nazioarteko Justizia Gortea erabat errespetatzeko eta Rafahko eraso militarra berehala gelditzeko" eskatu dio berriz ere Michelek.
Ildo beretik mintzatu da lehentxeago Josep Borrell Europar Batasuneko Atzerri eta Segurtasun Gaietarako goi-ordezkaria ere, eta esan du "izututa" dagoela dozenaka desplazaturen hilketagatik, ume txikiak barne.
NBEko Giza Eskubideen buru Volker Türk ere izututa agertu da Gazan gertatu denarekin: "Irudiak izugarriak dira eta hainbeste zibilen heriotza ekarri duten gerra metodo eta baliabideetan ez dagoela aldaketarik erakusten dute", adierazi du Türkek ohar baten bidez. "Kontuan hartzen dut Israelgo Armadak ikerketa bat iragarri duela, baina oso argi dagoena da hain populatuta dagoen eremu bat erasotzean emaitza guztiz aurreikus zitekeela", adierazi du. Hori dela eta, Israelek Nazioarteko Justizia Gortearen agindua betetzeko eta Gazako erasoaldi militarra gelditzeko eskatu du.
Era berean, talde armatu palestinarrei ere eskatu die utz dezatela suzirien jaurtiketa, nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa nabarmena delako, eta Hamasei bahituak askatzeko exijitu dio berriz ere.