Mundua -

Bisita ofiziala

Sanchezek iragarri du 1.130 milioi euro emango dizkiola aurten Ukrainari armak erosteko

Zelenskik, bere aldetik, zehaztu du akordioak 5.000 milioi euroko diru-laguntza aurreikusten duela guztira 2027a arte.

Sanchez eta Zelenski, gaur Moncloan. Argazkia: EITB Media
Sanchez eta Zelenski, gaur Moncloan.
Pedro Sanchez Volodimir Zelenskirekin bildu da Moncloa Jauregian

0:28

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak iragarri du Espainiak 1.129 milioi euro emango dizkiola aurten Ukrainari armak erosteko, eta hori aurreikusten duen akordioa izenpetu duela Volodimir Zelenski Ukrainako presidentearekin.

Horixe jakinarazi du Espainiako presidenteak Ukrainako agintariak Madrilera egin duen lehenengo bisita ofizialean.

Sanchezek akordioaren "garrantzia handia" azpimarratu du, eta azaldu du Ukrainaren segurtasunari eta defentsari laguntza "handia" ematea dela helburuetako bat.

"Ukrainaren gaitasuna indartzea ahalbidetuko du", nabarmendu du Espainiako presidenteak, emandako diruarekin, besteak beste, eta Zelenskik behin eta berriz eskatu bezala, Patriot misilak erosi ahal izango dituela aipatu aurretik.

Espainiak Ukraina babesten jarraituko duela berretsi du Sanchezek, eta esan du Kievek "askatasunaren eta independentziaren" alde egin duen lan "ausarta" eredugarria dela "demokrazian, bakean eta Estatuen arteko berdintasunean" sinesten dutenentzat.

Zelenskik, bere aldetik, eskerrak eman ditu segurtasun akordioagatik. Zehaztu du "agiri estrategiko garrantzitsua" dela, eta 2027ra arte 5.000 milioi euroko laguntza jasoko duela.

Espainiako gobernuburuarekin aldebiko segurtasun akordioa sinatu ostean, Zelenskik adierazi du Espainiaren konpromisoari esker lanpostuak sortuko direla, misilak eta blindatuak eskuratuko dituela, eta teknologiaren garapenean lagunduko duela.

Azpimarratu duenez, Espainia Espainia "kide fidagarria" da eta "ez ditu begiak ixten" Errusiaren erasoaren aurrean. Horren harira, eskerrak eman dizkio Espainiako Gobernuari ekainean Suitzan izango den bake goi-bileran parte hartuko duelako, beste 90 herrialderekin batera.

Zelenski Madrilen da gaur Espainiako Gobernuarekin segurtasun akordioa sinatzeko.

Ukrainako presidenteak maiatzaren 17rako zeukan aurreikusita bidaia, baina atzeratu egin zuen Errusiak Kharkiven aurkako erasoak areagotu zituelako. 

Felipe VI.a erregeak egin dio harrera Madrilgo Barajas aireportuan, ezohiko keinu batean. Hain justu, erregeak harrera egin izana "ohore berezia" dela azpimarratu du eta keinua eskertu dio. 

Felipe VI .a erregeak Volodimir Zelenski hartu du Espainiara iristean
Felipe VI .a erregeak Volodimir Zelenski hartu du Espainiara iristean
Felipe VI .a erregeak Volodimir Zelenski hartu du Espainiara iristean

0:40

Ondoren, Moncloara joan da, han baitzuen zain Pedro Sanchez Espainiako gobernuburua. Sanchezek eta Zelenskik elkarri eskua emanda agurtu dute elkar, eta argazkilarien aurrean hitz batzuk trukatu ostean, eraikin barrura joan dira bilera egiteko.

Bisitaren helburua Espainiako Gobernuarekin babes militarrari lotutako akordioa sinatzea da. 

Errusiako inbasioa hasi zenetik, Ukraina armaz hornitzen ibili da Espainiako Gobernua. Joan den astean iragarri zuen Defentsa Ministerioak beste arma bidalketa bat. Besteak beste, Leopard tanke gehiago, mota ezberdineko munizioa, hainbat Patriot misil antiaireko eta droneen kontrako sistemak igorriko dizkiete. 

Halaber, 400 soldadu ukrainarri formakuntza emango dio Espainiak. Orain arte 4.000 bat soldadu ukrainar trebatu dituzte Espainiako Estatuan. 

Sanchezekin egon ostean, Felipe VI.arekin bilduko da Zelenski, eta Madrilgo Errege Jauregian bazkalduko du. Ondoren, Diputatuen Kongresua bisitatuko du eta Francina Armengol Kongresuko presidenteak harrera egingo dio. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Ukraina Espainiako Gobernua Pedro Sánchez Eguneko albisteak Albisteak Errusia-Ukraina gerra Volodimir Zelenski