Mundua -
Sare sozialak
Europako Batzordea Meta ikertzen ari da, desinformazioari aurre egiten ez diolakoan
Uste du enpresa ez dela betetzen ari publizitate engainagarria eta balizko desinformazio-kanpainak ez hedatzera behartzen duen Europako Batasuneko araudia.
Agentziak | EITB MEDIA
Europako Batzordeak Meta enpresa estatubatuarraren aurkako ikerketa abiatu du astearte honetan, Facebook eta Instagram sare sozialetan ekaineko Europako hauteskundeei begira atzerriko agenteen desinformazioari aurre egiteko nahikoa egiten ari ez delakoan.
"Batzordeak bitartekoak sortu ditu Europako herritarrak hirugarren herrialdeen desinformaziotik eta manipulazio pertsonalizatutik babesteko. Arauak hautsi direla susmatzen badugu, ekin egingo diogu. Hori horrela da une oro, baina bereziki hauteskunde demokratikoen garaian", esan du Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak ohar batean.
Zehazki, Bruselak uste du enpresa ez dela betetzen ari publizitate engainagarria eta balizko desinformazio-kanpainak saihestera behartzen duen Erkidegoko araudia, eta kezkatuta dago, horrek "arriskuak izan ditzakeelako" hauteskunde-prozesuei eta oinarrizko eskubideei begira, baita kontsumitzailea babesteko ere, Batzordeak ohar batean azaldu duenez.
Halaber, kezka sortzen diote Metak CrowdTangle alde batera uzteko dituen planek. Informazio publikoko tresna horrek aukera ematen die ikertzaileei, kazetariei eta gizarte zibilari, oro har, hauteskundeen jarraipena egiteko; enpresaren asmoa da tresna hori baztertzea, eta ez du proposatu bestelakorik ezartzea.
Gainera, uste du Facebookek eta Instagramek erabiltzaileei ematen dizkieten tresnek ez dituztela betetzen zerbitzu digitalen legeak ezartzen dituen baldintzak, Europar Batasunak plataforma handiak behartzen baititu Interneteko eduki ilegalari aurre egitera.
Europako Batasuneko iturri baten arabera, iazko irailetik Batzordeak Metarekin izan dituen elkarrizketetan, enpresak "konpromiso eraikitzailea" erakutsi du Europar Batasuneko Exekutiboaren kezkei heltzeko.
Ikerketa horri esker, Batzordeak hainbat neurri har ditzake; besteak beste, helmugako fakturazio orokorraren % 6ra arteko isuna ezar dezake.