Mundua -
GAZA, ERASOPEAN
Israelek dio Rafahren lurreko inbasioa bertan behera utziko duela Hamasekin bahituei buruzko ituna eginez gero
Hamasek hiriaren lurreko inbasioa galarazteko izango lukeen "azken aukera" izango omen da. Astelehenean Hamaseko ordezkaritza bat Egiptora iristea espero da, Jalil al Haya buru duela. Egipto da, Qatarrekin batera, Hamasen eta Israelen arteko elkarrizketetan bitartekari.
AGENTZIAK | EITB Media
Israel Katz Israelgo Atzerri ministroak esan du Rafah hirian lurreko inbasioa abiatzeko asmoa bertan behera utziko dutela Hamas talde islamikoarekin bahituak aske uzteko akordioa eginez gero. Israelgo bonbardaketetatik ihesi etxea utzi behar izan zuten milaka herritarrek hartu dute aterpe Rafahn, eta Israelek asteak daramatza lurreko erasoaldia prestatzen.
"Bahituak askatzea oso garrantzitsua da guretzat; beraz, bai: akordioa lortzen badugu, operazioa bertan behera geratuko da", adierazi du Canal 12 telebistan egindako adierazpenetan.
Israelgo iturri ofizialek hedabideetan zabaldutakoa baieztatu du Katzek horrela, eta gaineratu du azken orduotan Hamasi aurkeztutako eskaintza dela Hamasek su-etena lortzeko "azken aukera", bestela Israelgo Armadak erasoaldia abiatuko duelako hiriaren aurka.
Yedioth Aharonoth egunkarian agintari israeldar batek aipatu zuen Hamasekin, Egiptoren eta Qatarren bitartekaritzari esker, izaten ari diren elkarrizketak "oso onak" izaten ari direla, "alderdi guztietan ematen ari garen urratsengatik".
Negoziazioen berri duen Egiptoko segurtasun iturri bat aipatuta agentziek azaldu dutenez, Egiptok eta Israelek Tel Aviven dituzten ordezkaritzen arteko elkarrizketak "neurri handi batean positiboak eta arrakastatsuak" izan dira, eta Hamasen "eskaera asko" jaso dituzte.
Hamaseko ordezkaritza bat, Jalil al Haya buru dela, astelehenean Kairora iristea espero da. Iturri beraren arabera, edukiari buruzko xehetasunik eman ez badu ere, proposamen berri honek"su-etena, presoen eta bahituen trukea eta Gazako Zerrendara laguntza sartzea zailtzen duten oztopoak gainditzen ditu".
Su-etenaren balizko iragarpenak "lehen fase bat onartzea ekarriko luke, eta nazioarteko komunitate osoa bultzatuko luke behin-behineko su-eten hori sendotu eta iraunkor bihurtzeko ahaleginak egitera", informatzailearen arabera.
Bestalde, Hamasen gertuko iturri baten esanetan, Israelen azken proposamenari emandako erantzunean jasotzen da "Hamasek askatuko dituen bahituen kopuru minimoa jaistea eta Gazako Zerrenda zatituta egoteari uztea".