Mundua -
Nazio Batuak
AEBk betoa jarri dio Palestina NBEn eskubide osoko estatu kide izateari
Malkoei ezin eutsita, Ziad Abu Amr palestinarrak esan du "bidegabea" dela, eta askatasuna eta bakea eskatu ditu bere herriarentzat. 12 estatu ebazpen horren alde agertu dira, Frantzia, Errusia eta Txina kide iraunkorrak tartean; Erresuma Batua eta Suitza abstenitu egin dira.
Agentziak | EITB MEDIA
Ameriketako Estatu Batuek (AEB) betoa jarri diote gaur Palestina Nazio Batuen Erakundean (NBE) eskubide osoko estatu kide izatea aitortzeko ebazpenari, eta orain arte bezala, behatzaile hutsa izaten jarraituko du Palestinak.
Ebazpena Aljeriak eraman zuen Segurtasun Kontseilura, Nazio Batuen herrialde arabiarren izenean. 12 aldeko boto eta bi abstentzio jaso ditu. Aurrera ateratzeko, gutxienez 9 aldeko boto eta betorik ez jasotzea behar zen. AEBk, baina, ez du ahalbideratu. Bozketak agerian utzi du Washingtonen bakardadea.
Bozketaren aurreko hitzaldietan zalantzati agertu diren estatuak ere ebazpenaren alde agertu dira, Frantzia, Japonia, Korea eta Ekuador tartean. Erresuma Batuak eta Suitzak abstentziora jo dute.
Urriaren 7tik, laugarrenez baliatu du AEBk beto eskubidea. Aurrez, Gazan berehalako su-etena eskatzen zuten hiru ebazpenen kontra egin du. AEBko ordezkariak argudiatu duenez, Israelek defendatzeko eskubidea du, eta su-eten batek Hamasi egingo lioke mesede.
Ikusmin handia bozketaren atarian
Segurtasun Kontseiluan gerta zitekeenaren aurrean, ikusmin handia zegoen, eta hainbat herrialdetako diplomaziaburuak New Yorkera joan dira, Espainia, Iran, Aljeria, Jordania, Malta, Brasil, Bolivia eta Kolonbiakoak, besteak beste. Gainera, 60 herrialdetako kideak ere bertaratu dira, Palestinari babesa agertzeko.
Ziad Abu Amr Palestinak NBEn duen ordezkaria, oso hunkituta, "bidegabea" dela esan du, eta negar malkotan, bakea eta askatasuna eskatu ditu bere herriarentzat.
AEBren betoa NBEren Batzar Nagusian eztabaidatuko dute orain, 2022ko apirileko araudian egindako erreforma bat tarteko. Ordutik, estatu kide iraunkor batek beto eskubidea erabiltzen duen bakoitzean, ebazpena munduko herrialde guztiak dauden eztabaidagunean aztertzen dute. Nazio Batuen Batzar Nagusiaren ebazpenak ez dira lotesleak, baina sinbolismo handia dute.
Bozketa maiatzaren 7aren bueltan espero dute, eta AEBk azalpenak eman beharko ditu. Are ageriago geratuko da orduan Washingtonen isolamendua, 139 herrialdek aitortzen baitiote Palestinari estatu izaera.
AEB: "Beharrezkoa al zen AEB ataka honetan jartzea?"
Robert Wood AEBk NBEn duen ordezkaria herrialde arabiarrei zuzendu zaie, eta bozketarekin "zer lortu nahi" duten galdetu die. Wooden ustez, Aljeriak eta Palestinak euren buruari itaundu beharko liokete ea "beharrezkoa al zen AEB ataka honetan jartzea, jakin bazekitenean ebazpena ez zela aurrera aterako". "Ez dut uste bozketa honek mesede egingo dionik bi estatuen aitortzari", erantsi du.
Israeleko ordezkariak esker oneko hitzak izan ditu AEBren jarreraren aurrean, eta hau esan du: "Holokaustotik juduen kontra egindako sarraskirik handienetik sei hilabete baino gehiago igaro diren honetan, Palestina eskubide osoko kide gisa aitortzea terrorismoa saritzea da. Hamaseko terroristek sexu-krimenak eta bestelako basakeriak egin dituzte".