Mundua -

Arkeologia

Ponpeian Troiako gerrari buruzko margoak dituen oturuntza-areto handi bat aurkitu dute

Vesubiok 79. urtean suntsitutako hiriko indusketetan aurkitutako fresko harrigarrietan, "gai nagusia heroismoarena dela dirudi, Troiako gerrako heroien eta jainkoen bikoteen irudikapenetan.

Ponpeian topatutako gela. Argazkia: Italiako Kultura Ministerioa / Ponpeiako Parke Arkeologikoa.
Ponpeian topatutako gela. Argazkia: Italiako Kultura Ministerioa / Ponpeiako Parke Arkeologikoa.
Troiako gerraren freskoak dituen oturuntza-aretoa aurkitu dute Ponpeian

0:41

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ponpeian (Italiako hegoaldea) 79. urtean Vesubioren erupzioak suntsitutako hirian, eremu arkeologikoan egiten ari diren indusketetan sekulako aurkikuntza argitara eman dute ostegun honetan. Oturuntza-areto handi bat aurkitu dute, pareta beltz dotorez eta Troiako gerran inspiratutako gai mitologikoekin apainduta.

"Giro fineko gela bat da, oturuntzarako eta elkarrizketarako elkargune bat, bizi-maila handia arnasten zena, espazioaren zabaltasunak, III. estiloko freskoen eta mosaikoen presentziak, pinturen kalitate artistikoak eta gaien aukeraketak erakusten duenez", azaldu dute ostegun honetan ohar batean.

IX. eskualdeko 10. instulako lanetan aurkitutako fresko harrigarrietan "gai nagusia heroismoarena dela dirudi, Troiako gerrako heroi bikoteen eta jainkoen irudikapenetan, baina baita patuarena eta, aldi berean, gizakiak bere patua aldatzeko duen gaitasuna, askotan aprobetxatu gabea", gaineratu dute.

Ponpeian topatutako gelako irudi bat. Argazkia: Italiako Kultura Ministerioa / Ponpeiako Parke Arkeologikoa.

Kontserbazio-egoera bikainari esker, "Helena, Paris eta Alejandro ikus daitezke irudietan, baita Kasandra ere, Priamoren alaba, Apolorekin parekatua".

"Etxe erromatarretako hormetan elkarbizitza atseginezko margoetan irudi mitologikoak maiz agertzeak gonbidatuak eta mahaikideak entretenitzeko funtzio soziala zuen, existentziari buruzko elkarrizketarako eta hausnarketarako ideiak emanez", azaldu dute.

"Hormak beltzak ziren, lanparetatik ateratzen zen kea hormetan ikus ez zedin. Hemen biltzen ziren ilunabarraren ondoren ospakizun giroan eta, suaren argiaren dardaraz, irudiak mugitu egiten zirela zirudien, batez ere Campaniako ardo ona edan ondoren", azpimarratu du ohar batean Gabriel Zuchtriegel Ponpeiako parke arkeologikoko zuzendariak.

Egongela handia 15 metro luze eta 6 metro zabal da, gutxi gorabehera, eta atari zabaleko korridore baten itxura duen patio batera zabaltzen da, apaingarririk ez duen lehen solairura doan eskailera luze batekin. 

Eskailerako arkuen azpian eraikuntzarako material pila handi bat aurkitu dute, eta norbaitek, eskailera handiko arkuen igeltsu zakarraren gainean, ikatz-ziriz marraztutako  bi gladiadore pare eta, antza denez, falo estilizatu erraldoi bat dirudiena. 

IX. Erregioko 10. intsulako indusketak proiektu zabalago baten parte da, induskatutako eta induskatu gabeko eremuaren arteko aurrealde perimetrala ziurtatzeko eta  egitura hidrogeologikoa hobetzeko, ondare ponpeiar zabala babesteko helburuarekin.

Ponpeian topatutako gelako irudi bat. Argazkia: Italiako Kultura Ministerioa / Ponpeiako Parke Arkeologikoa.

Orain arte inguru horretan egindako indusketei esker, elkarri lotutako bi etxe aurkitu ahal izan dira: okindegia duen etxe bat eta fullonika bat (garbitegia). Via Nolara ematen zuten, eta fatxadak XIX. mendearen amaieran aurkitu zituzten.

Bi etxe horien atzean, indusketa-fase honetan, freskoz apaindutako egongela dotoreak agertzen ari dira, erupzioaren unean berrikuntza garrantzitsuetan zirenak. 

"Ponpeia altxor kutxa bat da benetan, etengabe harritzen gaituena, zeren, induskatzen dugun bakoitzean, zerbait eder eta esanguratsua aurkitzen baitugu. Pompeiak ordezkatzen duen unicum global honetan sinesten dugu eta horregatik indusketa berriak finantzatu ditugu aurrekontu legean", adierazi du Gennaro Sangiuliano Kultura ministroak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Artea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Italia Arkeologia albisteak