Mundua -

Krisia

Mexikok harreman diplomatikoak eten ditu Ekuadorrekin, Jorge Glas bere enbaxadan atxilotu ostean

Mexikoko Gobernuak Nazioarteko Justizia Auzitegian salatuko do Kitoko Gobernua Nazioarteko Zuzenbidea urratzeagatik.

Ekuadorko Polizia. Argazkia: EITB
Ekuadorko Polizia. Argazkia: EITB
Ekuadorko Polizia. Argazkia: EITB

1:00

agentziak | eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Alicia Barcena Mexikoko Atzerri ministroak iragarri du harreman diplomatikoak eten dituztela Ekuadorrekin, Jorge Glas Espinel Ekuadorko presidenteorde ohia Mexikok Kiton duen enbaxadan atxilotua izan ostean. Mexikok aterpea eman zion Glasi bere enbaxadan, Ekuadorko agintarien iritziaren aurka.

"Andres Manuel Lopez Obrador presidentearekin Vienako Hitzarmeneko Harreman Diplomatikoen urraketaz eta Ekuadorren dauden Mexikoko diplomazialariek jasandako lesioez hitz egin ostean, Mexikok Ekuadorrekin harreman diplomatikoak eten dituela iragartzen du", idatzi du Barcenak X sare sozialean.

Hala, "Mexikok Ekuadorren dituen diplomazia langileek herrialdetik alde egingo dute berehala", gaineratu du Atzerri ministroak, Ekuadorri "langile mexikarrek alde egiteko bermeak" eskatuz.

Gainera, Mexikok iragarri du Nazioarteko Justizia Auzitegian salatuko duela Ekuador "Nazioarteko Zuzenbidea urratzea" egotzita.

Lopez Obradorrek azaldu duenez, "Ekuadorko poliziak indarrez" sartu dira Mexikoren enbaxadan, eta "jazarpenagatik errefuxiatuta eta asilo eskaera izapidetzen ari zen presidenteorde ohia eraman dute atxilotuta".

"Nazioarteko Zuzenbidearen eta Mexikoren subiranotasunaren urraketa larria da. Horregatik, kantzilerrari gertakari autoritarioaren inguruko ohar bat kaleratzeko eskatu diot, legeari jarraiki joka dezala eta Ekuadorko Gobernuarekin ditugun harreman diplomatikoen etenaldia iragar dezala", gaineratu du Mexikoko presidenteak.

Ostiralean, Ekuadorko Gobernuak adierazi zuen Jorge Glas Espineli emandako asiloa "legez kanpokoa" zela, eta presidenteorde ohia entregatzeko eskatu zuen Justiziaren aurrean deklara dezan.

Lopez Obradorrek ordu batzuk lehenago esan zuen Mexikoko agintariek asilo politikoa emango ziotela ustelkeriagatik auzipetuta dagoen eta Mexikok Kiton duen enbaxadan gordeta dagoen Glasi.

"Nahi zutena zen enbaxadan sartzen uztea eta presidenteordea entregatzea. Hori ezin dugu egin, printzipio kontua da. Mexikoren atzerri politika jazarpen politikoa pairatzen dutenen babesean oinarritzen da", adierazi zuen Lopez Obradorrek.

Glas abendu erdialdetik zegoen enbaxadan, bere buruaren segurtasuna arriskuan ikusten zuelako. Enbaxadak gonbidatu gisa hartu zuten hasieran, baina abokatuek segituan jakinarazi zuten asiloa eskatzekotan zirela.

Ekuadorko Polizia Nazionalak hura atxilotzeko agindua eman ostean iritsi zen Glasen mugimendua. Manabi probintzian 2016an izandako lurrikararen osteko berreraikuntzan diru publikoa bidegabe erabiltzea egozten diote.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Mexiko Eguneko albisteak Albisteak Latinoamerika albisteak Ekuador