Mundua -
Iranen aurkako erasoa Sirian
AEB eta Israel Iranen eraso bat jasateko prestatzen ari dira
Horregatik, alerta maila gorenean daude. Iranek Damaskoko enbaxadan jaso zuen erasoaren erantzuna Israelen barruan izatea da Washingtonen beldur handiena.
agentziak | eitb media
AEBk edo Israelek Iranen eraso bat jasotzeko muturreko arriskuaz ohartarazi du Washingtonek. Erasoa "saihestezina" dela iritzi dio, eta, hori dela eta, alerta maila gorenean jarri dute, Joe Bidenen Administrazioko iturriek CNN kateari eta beste hedabide batzuei jakinarazi dietenez.
Iranen enbaxadaren aurkako erasoa egin zuen astelehenean Israelek Damaskon (Siria), eta Guardia Iraultzaileko zazpi kide hil zituen. Teheranek AEBri leporatu zion erasoa, Tel Aviven kide nagusia delakoan, eta Israelek ere uste du Iranen kontraerasoa "saihestezina" dela.
Bidenen Gobernuko goi-kargudun batek EFE albiste-agentziari baieztatu dio horren inguruan jardun zutela Benjamin Netanyahu Israelgo lehen minsitroak eta Bidenek ostegunean telefonoz izan zuten elkarrizketan, eta ordutik "etengabeko harremanetan" daudela.
AEBk aurreikusten duen egoera okerrena Iranek erasoa Israelen bertan egitea izango litzateke, horrek are gehiago okertuko lukeelako Ekialde Hurbileko tentsio egoera.
Iranek asteartean bertan aurreratu zuen Israelek ordaindu egingo duela asteleheneko erasoa, zigortu egingo dutela, krimen horrengatik damutzeraino, Ali Khamenei Irango buruzagi gorenaren esanetan.