Mundua -
Gaza erasopean
Jose Andres sukaldariak, Israeli: "Gerra ezin da irabazi biztanleria oso bat gosez hiltzen"
Gazan erasoa pairatu zuen gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileak iritzi artikulua kaleratu du "The New York Times"en. Zazpi langileak hiltzeagatik kargu hartu du Israel, eta "zibilak eta langile humanitarioak hiltzeari utzi eta bakearen bide luzean hasteko" eskatu dio Netanyahuri.
Agentziak | EITB Media
Jose Andres sukaldari espainiar eta World Central Kitchen (WCK) gobernuz kanpoko erakundearen sortzaileak gogor egin du Israelen kontra, horrek bere taldeko zazpi langile misil bidez hil ostean.
The New York Times egunkarian kaleratutako iritzi artikulu "Let People eat" (Utzi jendeari jaten) batean dioenez, "bahitutakoak ez dira onik irtengo Gazako eraikin guztiak bonbardatzen badira. Gerra ezin da irabazi biztanleria oso bat gosez hiltzen".
"Bada garaia Israelen onena ateratzeko", erantsi du. Horren ustez, Tel Avivek honakoak egin beharko lituzke lehenbailehen: "Elikagaiak eta botikak helarazteko lurreko bide gehiago zabaldu behar ditu, zibilak eta langile humanitarioak hiltzeari utzi eta bakearen bide luzean gaur bertan hasi".
WCKren sortzailearen arabera, erasoa Israelen politikaren "ondorio zuzena da", izan ere, "laguntza humanitarioa maila etsigarrira gutxitu zuen, eta ondorioz, gure taldeko kideek euren bizia arriskuan jarri zuten, elikagaiak oso eskasak zirelako eta behar larria zegoelako".
Jose Andresen esanetan, Gazako biztanleriaren erdia gosez hiltzeko arrisku bizian dago. "Gure erakundeak ez luke bidaia hori egingo elikagai nahikoa balego", salatu du.
Israelek egin beharreko ikerketari buruz, sukaldariak uste du "goitik" hasi behar dela, ez bakarrik "behetik". Kritikatu duenez, Israelgo Armadak bazekien zein mugimendu egin behar zituen WCK erakundearen konboiak eta, halere, "eraso zuzena" egin zion.
Azkenik, erasoan hildako zazpi beharginen aldeko hitzak izan ditu Andresek: "Gizateriaren onena ziren. Bazuten aurpegia, izena; ez ziren langile humanitario generikoak, eta ez dira gerraren albo ondorioak".
Hildakoak honakoak dira, erakundearen arabera: Saifeddin Issam Ayad Abutaha palestinarra, Lalzawmi Frankcom australiarra, Damian Sobol poloniarra, Jacob Flickinger estatubatuar-kanadiarra eta John Chapman, James Henderson eta James Kirby britainiarrak. "Zazpiek dena arriskatu zuten erabat gizatiarra den ekintza bat egiteko: gure janaria beste batzuekin partekatzea".